Bergarako Musika Eskolaren eta Antzuolako Udalaren arteko hitzarmen bati esker egin zituen lehen urratsak iazko azaroan Antzuolako txarangak, Bittor Giral Bergarako Musika Eskolako tronboi eta solfeo irakaslearen gidaritzapean, eta, dozenaka entsegu egin ondoren, estreinaldiaren eguna iritsi da. Hain justu, datorren eguaztenean, hilaren 24an, kaleak musikaz alaituko dituzte txarangako kideek 19:00etatik aurrera, kalejira egingo baitute; 19:30ean, berriz, Torresoroara joango dira, Bergarako Musika Eskolako bandaren kontzertua izango baita ordu horretan.
Piano eta gitarra jotzaileak
Ez da, ordea, egun horretako ekintza bakarra izango, beste bat izango baita aurrez: Bergarako Musika Eskolaren Apirilean Musika ekimenaren barruan, Musika elkarrekin izenpean piano eta gitarra ikasleen saioaz gozatzeko aukera izango da Olarango ekintza aretoan, 15:00etatik 16:30era bitartean.