Arte Ederrak ikasi ondoren, urteetan jardun zuen kultur kudeaketan lanean Ariel Moreno artistak (Caracas, 1972), baina haren obrari ekiteko nahia izan, eta, hala, urte sabatikoak hartu zituen. Orduan garatu zuen White Noise lana, eta orain Aitz Garbi tabernan dago ikusgai, maiatz bukaerara arte.
Zer dago jasota lan honetan?
Erabat abstraktua izan behar zuen lan honek, figuraziorik gabea, abstrakzioa bere osotasunean interesatzen baitzitzaidan. Baztertutako liburu erabiliak bilatzean hasi nintzen, zuri-beltzekoak, batik bat, 60ko hamarkadako arte-liburuak. Aurkitzen nituen irudiak zatitzen nituen, eta mihiseetan konposizio berriak egiten nituen, collageak. Urte asko egin nituen era horretan jardunean, baina, Europara iritsitakoan, bizitzan izan nituen egoerengatik, aldatzea erabaki nuen, eta berrasmatzeari ekin nion.
Berrasmatu? Nola?
Zuri-beltza liluragarria iruditzen zait, burmuinean sor dezakeen dialektikarengatik, erreakzio edo mugimendu bat sor dezakeelako ikuslearengan, baina, berrasmatzean, figuraziorik ezari muzin egin eta muga zeharkatzea erabaki nuen: White Noise lanak zekarren abstrakzioa nahastu nuen figurazioarekin, esate baterako, lehenago interesatzen ez zitzaizkidan koloreak sartuta.
Collageaz gain, ordea, linograbatuak ere badira lanean.
Bai. Arte Grafikoak ere ikasi nituen, grabatuak, eta teknika horietara itzultzea erabaki nuen hemen, Antzuolan, nengoela. Teknika grafiko horrek irudi bat behin baino gehiagotan erreproduzitzeko aukera ematen dit, estanparen bidez. Linograbatuak dira, funtsean: linoliozko xafla bat da jatorrian, eta estanpa izaten da emaitza, zuri-beltzean eginda.
Zer adierazi duzu irudiotan?
Ildo bat jarraitu dut, espirituala, bilaketa pertsonalarekin lotuta. Lanok, beraz, ez dute zerikusirik collageekin, baina, hein batean, espazio honetan artista beraren askotariko lanak elkarrizketan dabiltza; hori dago jasota erakusketan. Izan ere, dena nirea da, baina teknika eta mezu oso ezberdinekin: collageetan informazioa beste bat da, atentzioa ematen didan irudia delako; marrazkietan, aldiz, ez dut aurrez zehaztutako ideia bat, libre uzten baitut eskua, emaitza jakin bat lortu nahi izan gabe. Horrek, lana amaitutakoan, aukera ematen dit lan horretan neure burua ikusi eta ezagutzeko. Komunikazioak ez du zertan arrazionala izan, baina bai sentsazioak sorrarazten dituena.
Eskuragarri al daude lan horiek guztiak?
Nahi duenak eros ditzake Aitz Garbin bertan, eta, bestela, nire lanen berri izateko Instagram kontua dut: @anamorenoartist.
Ba al duzu beste ezer esku artean?
Arteterapia ikastaro bat egiten ari naiz, eta horretan jardun nahiko nuke. Esperientzia gogorrak bizitzetik nator, eta horrek eraman ninduen berriro ere neure burua aurkitzera eta neure barnean errealitatearekin bakea egitera. Sarritan, bizitza arrazionalean, agian, ez gaude barrura begiratzeko prest, baina uste dut arteak lagun dezakeela barruan dugun informazio hori adierazten; ulertu egin behar da inkontzientean dagoena.
Denendako da baliagarria?
Bizitzari zentzua eman behar zaio; nire kasuan, bizitza berreraikitze honetan, arteak lagundu dit esanahia aurkitzen gauzek benetan zentzua izan dezaten. Bada, horra jo nahiko nuke, beste pertsona batzuendako ere baliagarria izan daitekeelakoan. Guztiok dugu horretarako ahalmena; eta ez naiz talentuaz ari, baizik eta bakoitzak barruan daramana komunikatzeaz.