Martxoaren 20tik 22ra ospatu zen Bilbon WindEurope 2024 azoka. Bertan, energia eolikoaren merkatuko berrikuntza guztiak izan dira erakusgai, Europakoak zein Europatik kanpokoak. Erreka enpresa antzuolarraren Smart Fastening negozioak Erreka Digital Bolt teknologia berritzailea aurkeztu du bertan, turbina eolikoen aplikazioetan estutze karga zehatza neurtzeko irtenbide "iraultzailea".Teknologia berriari proba zehatzak egin dizkiote turbina eolikoen jatorrizko ekipoen fabrikatzaile nagusiek. 50.000 unitate baino gehiago ezarri dituzte arrakastaz, lehorrean eta itsasoan. DNVren onespena jaso du teknologia honek, eta horrek industriaren estandarrak betetzen dituela eta fidagarritasuna duela adierazten du.
Duela 20 urte konturatu ziren Erreka Smart Fastening-eko kideak torlojuaren kargaren inguruko informazio zehatza ez izateak eragozpenak sortzen zituela. Arazoa ebazteko asmoz, torlojuaren karga zein den zehatz jakiteko teknologia garatzen hasi ziren, horrela bezeroaren kostuak arintzeko."Torlojuetan instalatzen den sentsore bat da, eta ultrasoinuen bidez torlojua zeharkatzen duen uhinaren abiaduraren irakurketa bat lortzen da; beraz, kargari buruzko informazio oso zehatza dugu. Kargari buruzko informazio zuzen horri esker, bezeroek hobeto dimentsionatu ahal izan dituzte torlojuak, mantentze-lanak hobetu ahal izan dituzte eta, azkenean, benetako informazioarekin hartzen dira erabakiak" adierazi du Ainhoa Larrañaga Erreka Smart Fastening-eko zuzendariak.