Txosna Batzordea "gogoz" da, baina "indarrik gabe"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 1a, 10:03
Antzuolako txosnagunerako prestaketak egiten, iazko jaietan. Irudia: Goiena.

Batzordekideek jakinarazi dutenez, egunerokoan antolaketan aritzeko jende falta da arazo nabarmenena, eta, ondorioz, txosnagunearen ardura "gutxi batzuek" izan ohi dute. Hala, laguntzeko prest dagoen oro gonbidatu dute apirilaren 7ko batzarrera.

Uztailaren 18tik 21era ospatuko dira aurten Antzuolako jaiak, eta lehen urratsak egiten hasia da Txosna Batzordea; hala ere, zaharrak berri, batzordekideek jakinarazi baitute kolokan egon daitezkeela aurtengoan ere txosnak, "gogotsu" egon arren "indar askorik" ez dutelako: "Bilera eguna jarri genuen duela bizpahiru aste, eta bederatzi pertsona batu ginen, zehazki. Urteroko kontua da: berdinok gabiltza antolakuntza lanetan, eta ez dugu aukerarik ikusten aurrera egiteko", adierazi du Garazi Kortabarriak, Txosna Batzordeko kideak.

Haren hitzetan, "errelebo aldaketa baino gehiago, jende falta da" egungo arazo nabarmenena; batik bat, antolaketan konpromisoa hartuko dutenen pertsonena, horren zergatia ezezaguna zaien arren. "Ez dugu bestelako arazo zuzenik ikusten: jende faltak dakartza gainontzeko problemak. Karga handiena pertsona jakin batzuek hartzen dute, eta horiek guztiek nekatuta bukatzen dute. Motibazioa galtzea ere badakar, eta, ondorioz, urtez urte gero eta jende gutxiago egotea lanerako prest".

Batzarra egingo dute

Lehen batzar hura egin ostean, sare sozialetan zabaldu zutenez, txosnak ez jartzeko erabakia hartu zuten batu zirenek, baina, azkenean, beste bilera baten aldeko hautua egin dute, haiei ere "pena" ematen dielako txosnarik gabeko jaiak imajinatzea. "Denok nahi izaten dugu txosnak egotea: ongi pasatzeko gune bat da, ez baitira asko izaten jaietan. Gainera, txosna batzorde baten atzean beti daude bestelako lanketak; esate baterako, euskarari, feminismoari eta auzolanari dagozkionak".

Hain zuzen, apirilaren 7an, domeka, egingo dute bigarren batzarra, arratsaldeko bostetan, Antzuolako gaztetxean. "Egia da jaietako lau egunetan txandak egiteko jendea batzen dela, eta hori eskertzekoa da, haien jardunik gabe ezingo liratekeelako txosnak mantendu; alabaina, ezkutuko lana egiteko jendea beharrezkoa dugu, hala nola azpiegitura zehazteko, edariak enkargatzeko, programazioa osatzeko eta bestelako zereginak banatzeko".

Hori guztia posible izan dadin, beraz, "konpromisoa, iniziatiba eta gogoa" beharrezkoak zaizkio Txosna Batzordeari, eta, hala, "laguntzeko edo antolatzeko prest dagoen edonori" batzarrerako gonbita egin die, haien parte-hartzea ez ezik, esku artean dituzten proposamenak ere "ongietorriak" izango direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak