Udal Liburutegia, haziak elkartrukatzeko espazio

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 15a, 07:35

Hazien liburutegia egitasmoak hazi trukeak egitea du xede, eta, beraz, edozeinek har eta erein ditzake; prozesua, ordea, "ziklikoa" izan dadin, ereindako haziak liburutegira itzultzeko eskaria egin dute sustatzaileek. Hiru tailer ere egingo dituzte.

Haziak eta liburutegiak batzeko asmoz, Hazien liburutegia proiektua aurkeztu zuten eguaztenean, martxoaren 13an, Antzuolako Udal Liburutegian. Hazi aniztasuna galtzen ari delakoan, hazi trukeak egiteko ohitura ez galtzea du helburu, eta, era horretan, "bertako barietateen haziak eta aniztasuna gordetzea".

Hain justu, Nafarroako hainbat liburutegitan egin zituzten hazien sareak eratzeko lehen urratsak, eta dagoeneko martxan da zenbait lekutan. Oraingoan, Antzuolara iritsi da egitasmoa. "Garrantzi horretaz ohartarazteko, kultura hori sustatzeko eta jakintza zabaltzeko modua ere bada. Kultura eta jakintza bada, zergatik ez liburutegian zabaldu?", adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek.

Nahi duenak har eta erein ditzake liburutegian dauden haziak, eta, beraz, interesdunak liburutegira joan daitezke. Are gehiago, ahal dela, aterako diren fruituetako haziak liburutegira itzultzeko eskaria egin dute, "prozesua ziklikoa izan dadin". Egitasmoak helburu baitu hazien gordailu izatetik harago, hazi horiek guztiak partekatzeko espazio bat sortzea. "Bertako barietateen haziak baldin badituzu eta partekatzeko prest baldin bazaude, gorde eta zabaldu egingo genituzke".

Urtean zehar hiru tailer

Marc Badalek, agroekologian adituak, haziak ugaltzeko tailerra egin du azken aste honetako aurkezpen egunean, baina ez da ekintza bakarra izango, proiektu horren aitzakiapean beste hiru egingo baitituzte urtean zehar: maiatzaren 11n, zapatuan, esate baterako, Euskal Herriko tomate-landareak banatuko dituzte; urrian, Olatxuko Tailerra proiektuko kideen eskutik, kontserben inguruko tailerra antolatuko dute, baina data gerturatu ahala emango dute xehetasun gehiagoren berri. Azkenik, azaroan, hazien uzta, garbiketa eta biltegiratzea izango du hizpide Badalek.

Lau bonuren zozketa

Hazien liburutegia proiektuaz gain, liburutegian bada beste egitasmo bat ere martxan. Hain justu, Itzar liburu dendan nahi den liburua eskuratzeko lau bonuren zozketa egiten dabiltza martxoaren 11z geroztik, eta apirilaren 23ra arte iraungo du; alegia, Liburuaren Nazioarteko Egunera arte. Udal Liburutegian liburuak mailegatzen dituzten herritarrek izango dute zozketa horretan parte hartzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak