Martxoaren 17an, etzi, emango diote hasiera San Isidro Txapelketaren hirugarren aldiari, eta Euskal Herriko txoko askotariko 54 pilotari arituko dira jokoan: hamahiru bikote benjamin eta alebin mailetan; eta hamalau, berriz, infantil eta kadete mailetan. Hala, guztira, 35 partidu jokatuko dira txapelketan.
Faseei dagokienez, final laurdenetako ligaxka jokatuko da lehenbizi, hiru egunetan: etzi ez ezik, baita apirilaren 21ean eta 28an ere, 10:00etan. Finalerdiak, berriz, maiatzaren 12an izango dira, ordu berean. Azkenik, maiatzaren 18an jokatuko da finala, 18:30ean hasita.
Finalean hiru partida
Maila bakoitzeko final bana jokatuko da finalean, eta, beraz, zortzi pilotari arituko dira jokoan. Halere, izango da hirugarren partidu bat ere: Olalde pilota elkarteko pilotarien erakustaldia, hain justu. Leire eta Nagore Galeano pilotariak Olatz Insaustiren eta Irati Betegiren aurka arituko dira.
Atzeko Txapelketa
Maiatzaren 3an eta 4an jokatuko da udal pilotalekuan, eta martxoaren 20ra arte eman daiteke izena: labur.eus/OlaldeTorneoa. Hamar euroko prezioa du, kamiseta barne.