Gizon bat atxilotu dute Antzuolan egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ots. 24a, 09:56

Antzuola goitik.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, 29 urteko gizon bat atxilotu dute Antzuolan beldurra erabiliz egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta. Dirudienez, atxilotua balkoi batetik sartu zen etxe batean eta labana batekin mehatxatu zuen bertan bizi den bikote edadetu bat, lapurreta egiteko eta eskuak lotzeko helburuarekin. 

Gertakariak egubakoitzean, hilak 16, izan ziren eguerdiko hamabiak aldera Antzuolako etxebizitza batean, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Bikotea etxe barruan zegoela, burua estalita zuen gizon bat sartu zen balkoi batetik eta labana batekin mehatxatu zituen eta zeukaten urre guztia emateko esan. Biktimek emandako informazioaren arabera, eta Ertzaintzak oharrean jaso duen moduan, brida batzuk erakutsi zizkien eta gela batera eraman zituen bertan eskuak lotzeko asmoarekin. Etxeko gizonak aurre egin zion lapurrari. Hark balkoitik ihes egin zuen. Etxeko gizonak kontusio bat izan zuen buruan borrokan ari ziren bitartean, eta osasun-zentro batean artatu behar izan zuten.

Deba Urolako Ertzain-etxeko patruilek hartu dute parte ikerketan eta adierazi dutenez gerora Zumarragan aparkatuta aurkitu zuten ibilgailuan egin zuen ihes ustezko lapurrak. Atzo bertan atxilotu zuten beldurra erabiliz egindako lapurreta eta lesio delituak leporatuta. Gaineratu dute emakume bati ere eginbideak ireki dizkiotela, ikertu gisa, atxilotu duten gizonak ihes egiteko erabili zuen autoaren gidaria izan litekeelakoan. Atxilotua Bergarako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak