Segura izango du lehen geltoki Aiherra-Antzuola egunak aurten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 27a, 13:31

Aiherra-Antzuola eguna 2023ko urriaren 28an, Antzuolan.

Martxoaren 10ean izango da ospakizuna, Iparra-Hegoa dela eta; izena eman daiteke autobusean eta bazkarian.

Berrogei urte bete ditu aurten Aiherra (Nafarroa Beherea) eta Antzuola herrien arteko senidetzeak, eta ospakizun urtea dute herritarrek. Antzuolan apirilaren 13an, zapatua, ospatuko dute urtemuga bi herriek, baina motorrak berotzeko aukera izango da aurrez, Seguran (Gipuzkoa) izango baitira martxoaren 10ean, domekan, Iparra-Hegoa jaialdia dela eta.

11:00etan elkartuko dira aihertarrak eta antzuolarrak Seguran, eta Mugak zubi ibilbideko etapa bateko kilometro bat egingo dute elkarrekin; handik igarotzen dena, hain justu. Ondoren, Iparra-Hegoa jaialdiko ekitaldiekin egingo dute bat; esaterako, herri bazkaria izango da, Kuxkuxtuk alaituta; ondoren, Imuntzo eta Belokiren erromeria.

Hala, autobusa antolatu du Antzuolako Udalak: 10:30ean izango da irteera Sagasti auzotik eta 18:30ean itzulera. Martxoaren 1a da izena emateko azken eguna, eta bi modu daude horretarako: udaletxean edo udala@antzuola.eus helbidean. Bazkarirako ere eman daiteke izena; 20 euroko prezioa du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak