'Azalerako ipuinak' izango ditu proposamen Bikandik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 26a, 09:36

Saroa Bikandik gidatuko ditu Azalerako ipuinak tailerreko hiru saioak.

0 eta 3 urte arteko haurrei eta euren inguruko helduei zuzendutako proposamena da, gorputza eta ipuinak zein jolasak uztartzen dituena. Hiru saio izango dira: martxoaren 20, apirilaren 10ean eta 24an, ordu erdikoak. Izena eman behar da aurrez.

Gorputzean arreta jarrita, eta ipuinak eta jolasak hizpide izanda, Azalerako ipuinak izenpean hiru eguneko tailerra eskainiko du Saroa Bikandi ipuin kontalari durangarrak Antzuolako udal liburutegian, 0 eta 3 urte arteko haurrei zuzenduta; otsailaren 26an irekiko da izen-ematea, astelehenean, martxoaren 8ra arte. "Masajeak eskaintzen duen hitzik gabeko komunikazioa baliatuz, eta ipuinek, poemek, hitz-jokoek, kantuek, jolasek eta liburuek eskaintzen dizkiguten beste komunikazio mota batzuk erabiliz, giro lasai eta samurra sortzea da xedea", azpimarratu du Ane Leturiak, Antzuolako liburuzainak.

Helburuak, ordea, giro harmoniatsu bat sortzeaz harago, gehiago dira: "Azalerako ipuinak ezagutzea, haurrak hazten doazen heinean jolasteko aukeratzat hartuta; baita azalerako ipuinak asmatu eta moldatzeko erremintak ematea ere". Horrez gain, Leturiak erantsi du euren asmoa dela liburutegian dagoen materiala ezagutaraztea tailerretan, eta parte-hartzaileak ipuinaren garrantziaz jabetzea irakurzaletasuna bultzatzearekin batera. "Are gehiago, entzute pertsonala garatzea ere bada xedea, eta gure espresio, sorkuntza eta komunikazio gaitasunak aurkitzea". Amaitzeko, helburutzat dute talde bat sortu eta familiak elkar ezagutzea, haur eta familia horiei guztiei "kalitatezko espazio bat eta denbora" eskainita.

0 eta 3 urte artekoentzat

0 eta 3 urte arteko haurrei zuzenduta dago tailerra, eta, beraz, Leturiak nabarmendu du heldu batekin joan beharko dutela. Hain justu, hiru saio egingo dituzte, guztira, ordu erdikoa bakoitza, adin tarte horretara egokitu baitute denbora: martxoaren 20an, apirilaren 10ean eta apirilaren 24an, 17:30etik 18:00etara, liburutegian. Hala ere, gehienez ere hamabi familiarentzat lekua izango da, haur eta heldu bana aintzat hartuta. Izen emateari dagokionez, berriz, bi bide daude: 673 90 53 28 eta liburutegia@antzuola.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak