Iñigo Alzolak eta Garazi Abasolok irabazi dute Antzuolako 8 Miliak lasterketa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 17a, 15:19

10:30ean hasi da lasterketaren hamaikagarren edizioa, eta Herriko Plaza jendez lepo izan da ordurako. 300 lasterkari inguruk hartu dute parte, heldu zein gazte, eta 288 helmugaratu dira.

Antzuolako 8 Miliak lasterketa izan da gaurkoan, eta Iñigo Alzola arrasatearra eta Garazi Abasolo aretxabaletarra izan dira irabazle. Ordubete, lau minutu eta 29 segundo behar izan ditu Alzolak helmugara iristeko. "Helburu nuen ahalik eta aurreren egotea, oso erritmo ona nuela banekielako, batez ere lautadetan eta goraka. Topera joan naiz hasieratik, eta aguantatu dut; ondo atera zait". Abasolok, berriz, ordubete, 18 minutu eta 32 segundotan egin du 14,2 kilometroko ibilbidea, eta emakumezkoen errekorra ere ia gainditu du, 23 segundotara gelditu baita. "Sentsazio oso onak ditut. Uste baino hobeto ibili naiz, eta aurreko urtekoa ere denboran hobetu dut. Ez nekien hor nengoela errekorrean, bestela egingo nuen esprinta, baina, dena den, oso pozik".

Bigarren eta hirugarren sailkatuei dagokienez, gizonezkoetan, lehia estua izanda, Alzolak hurrenez hurren izan baititu Aitor Zunzunegi legorretarra (1:04:50) eta Aimar Larrea antzuolarra (1:05:02). Abasoloren ondoren, berriz, Mayi Mujika legazpiarra (1:20:01) eta Irati Larrañaga usurbildarra (1:22:28) iritsi dira helmugara. Hain justu, iazko edizioan ere hirurak izan ziren podiumean, baina, ordu hartan, Mujikak eskuratu zuen garaipena, eta ondoren helmugaratu ziren Larrañaga eta Abasolo.

Herriko bi lasterkari onenek ere saria eskuratu dute: kasu honetan, gizonezkoetan, Larrea izan da azkarrena; emakumezkoetan, berriz, Ainize Lizarralde, 1:33:57 markarekin, iaz baino ia hiru minutu gutxiago. Beteranoei dagokienez, Oihana Aragones eta Markel Fernandez izan dira sarituak.

Hemen sailkapenaren xehetasun gehiago.

Gazteen lasterketa

Helduen lasterketaz gain, 2008 eta 2014 urteen artean jaiotako gaztetxoentzako ere 5,2 kilometroko lasterketa izan da. Helduena baino bost minutu lehenago hasi da, eta Julen Badiola bergararra –23 minutu eta hamar segundo– eta Alazne Lozano elgetarra –32 minutu eta 33 segundo– iritsi dira lehenak helmugara. Herritarren kategorian, Lier Arangurenek eta Izadi Sudupek egin dute lehenengo, iaz bezala.

Hemen sailkapenaren xehetasun gehiago.

Erlazionatuak

A8M: irteera, helmuga eta sari banaketa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria ots 17 Antzuola

A8M: Irimo-Meaka ingurua

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria ots 17 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak