Urtean behin, Inauterietan, irteten dira Hartza eta Tximinoa kalera, Hezitzaileak lagunduta, eta hala izango da aurten ere, 10:30etik aurrera arituko baitira auzoz auzo dantzariekin batera. Izan ere, Oinarin dantza taldeak antolatuta, orduan hasiko dute kalejira 60 dantzarik; hain justu, helduenak arituko dira horretan, herritarrak. Sorgin dantza ez ezik, Luzaideko (Nafarroa) polka ere egingo dute, eta, ostean, 12:30ean, dantza saioa izango da; eguraldia lagun izanez gero, Herriko Plazan egingo dute; hala ezean, eskolako patioan. Helduez gain, gainera, 105 haur eta gazte arituko dira dantzan, hala nola banakoa, zintza dantza eta Zuberoako makil dantza egiten.
Inauteriak, ordea, ez dira goiz horretan amaituko, Antzuolako Udalak egun osoko egitaraua antolatu baitu, jaiari indar handiagoa emateko asmoz. Hala, dantza saioaren ostean, herri bazkaria egingo dute udal pilotalekuan, 14:30ean; guztira, 286 txartel saldu dituzte. Amaitzeko, berriz, Sutan txaranga arituko da kaleak alaitzen, 18:00etatik 21:00etara.
Bihar, ikuskizuna
Antzuolako Herri Eskolan bihar arratsaldean ospatuko dituzte Inauteriak, eta, ondoren, Udalak antolatuta, haurrentzako ikuskizuna izango da, Torresoroan, 17:00etan: Tomaxen Abenturak pailazoek Azken festa ikuskizuna aurkeztuko dute. Sarrerak salgai daude.
Martitzenean, Landatxopen
Landatxope jubilatuen elkartean ere Inauteriak ospatuko dituzte, mozorro jaia egingo baitute martitzenean, otsailaren 13an, elkartean bertan, 18:30ean hasita. Merienda izango dute lehendabizi, eta, ondoren, ohiturei hutsik egin gabe, mozorro onenak sarituko dituzte; horrenbestez, lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, mozorrotuta joan beharko da.