Abenduaren 21ean kontrol proba edo mitin kontrola deituriko atletismo proba egin zuten Anoetako Belodromoan. EAEko eta beste zenbait autonomia erkidegotako atletak elkartu ziren Belodromoan. "Bakoitzak bere marka ontzea nahi izaten du, ordura arte zuena hobetzea", azaldu du Ekain Larrea antzuolarrak. Hala, 12 atletako taldetxotan batuta egin zituzten probak.
30 urteko aldea
Ekain Larrea zazpigarren sailkatu zen bere seriean, baina egindako denbora oso ona izan zen: 08:13:70 denborarekin Gipuzkoako pista estaliko errekorra ondu zuen, 3000 metroko lasterketan. Ordura arteko marka beste antzuolar batek zuen: Antonio Merinok 1994an egin zuen errekorra, 08:14:62 denborarekin. Bi errekorren artean ia 30 urteko aldea egon da.
Larreak azaldu du lasterketa egin eta momentuan ez zuela jakin errekorra zuenik; baina, egunean bertan eman ziotela berria.
Ekainen anai Ibaik ere parte hartu zuen kontrol proban. Beste serie batean parte hartu zuen: laugarren egin zuen, 08:34:53 denbora eginda.