Urteroko hitzorduei hutsik egin gabe, ekintzaz beteriko Gabonak izango dira, beste urte batez, herrian. Hilaren 24an, domeka, izango da lehena. Pausoka guraso elkarteak antolatuta, Gabonetako kalejira egingo dute, 11:00etan hasita. Antigua auzoan hasiko dira, eta herriaren behealderaino joango dira kantuan.
Ez da, ordea, goizeko ekintza bakarra izango, herriko artisauen eta bigarren eskuko produktuen Gabonetako azoka egingo baita lehenengo aldiz, Zurrategi plazan. 11:30etik 14:30era izango dira salgai ekoiztutako lanak. Horrez gain, Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak hamaiketakoa antolatu du 12:30erako, eta aldi berean egingo dute saskiaren zozketa eta argazki herrikoia. Are gehiago, Andramauelak emakume taldeko kideak ere alboan izango dira plazeraren saski feministarekin batera.
Gospel doinua Torresoroan
Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romano abeslariek osatzen dute Goiko Gela euskarazko gospel taldea, eta kontzertua emango dute bihar, musikariekin batera, Torresoroan, 19:00etan. Hamar euro ordaindu behar da sarrera.
Arratsaldean, berriz, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria egingo diete. Ohikoa den legez, San Josetik jaitsiko dira, iratxoak lagun dituztela. 18:30ean izango da hori, eta kalejiran joango dira plazaraino. Han jasoko dituzte herritarren gutunak, txistulariak eta abesbatza lagun dituztela.
San Esteban krosa
Hilaren 26an, martitzena, San Esteban krosa egingo dute. 17:45ean hasiko dira 16 urtetik beherakoen lasterketak eta 18:00etan helduenak. Udalak, gainera, boluntarioak eskatu ditu. Prest egonez gero, udala@antzuola.eus helbidera bidali behar da mezu bat.
Are gehiago, arratsalde horretan zozkatuko dira Antzuolako 8 Miliak lasterketarako –otsailak 17, zapatua– hamar dortsal antzuolarren artean, baina aurretik eman behar da izena: antzuolako8m@gmail.com. Gazteen artean beste bost dortsal banatuko dira.
Gauean, Inguma eta Borla taldeak izango dira gaztetxean.
Jolaserako mila aukera
Jolasenearen eskutik, haur eta helduentzat mahai-jokoak izango dira hilaren 26tik 29ra Olaranen, 11:00etatik 13:00etara. Horrez gain, haur parkea izango da abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an eskolako patioan, goizez zein arratsaldez