'Konponbiderako giltza' ekitaldia egingo dute egubakoitzean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 27a, 15:50

Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak antolatuta, iazko Gabonetan ateratako argazki herrikoia.

Ez Dot Moztuko Bizarra eta Sare Herritarraren arabera, "salbuespenaren giltzarrapoa irekitzeko unea" da. Bada, hori izango dute hizpide hilaren 29an egingo den ekitaldian, Zurrategi plaza.

Bi hilabete igaro dira Konponbidearen giltza manifestua aurkeztu zutenetik Gernikan (Bizkaia), eta, orduz geroztik, ez dira gutxi izan jasotako atxikimenduak eta ekarpenak. Ez Dot Moztuko Bizarra eta Sarek zehaztu dutenez, bi mila norbanakok baino gehiagok egin dute bat manifestuarekin, baina bultzatzaileek harago jo nahi dute: "Oraindik ere, giltza gehiago izatea da gure helburua, giltza gu geuk izan behar baitugu. Konponbiderako giltza".

Azaldu dutenez, "ateak zabaltzen" dabiltza, eta herritarrek emaniko urrats bakoitza "bidea egiteko bide" izan da. "Urruntze politika amaitzearekin batera, espetxe politikaren baitan aldaketak ematen ari bagara ere, behin eta berriz euskal presoak etxeratzeko bidea itxita dutela salatzea dagokigu oraindik ere. Fiskaltzak, [Espainiako] Auzitegi Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen baitu".

Bidean aurrera egiteko prest

Alabaina, bultzatzaileek ez dute geldi egoteko asmorik, eta "salbuespenezko legediek eta salbuespeneko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen" badute ere, prest daude bidean aurrera egiteko. "Urratsak ematen jarraitzeko unea da, konponbidearen eta benetako bake baten aldeko konpromisoa erakutsiz. Salbuespena lege den bitartean, oraindik, giltza ugari astindu behar ditugulako, hasitako pausuei jarraiki, atariraino bide egiteko momentua da. Salbuespenaren giltzarrapoa irekitzeko unea da".

Bada, Gabonetan ere giltzak astintzeko gogoz daude: baita Antzuolan ere. Datorren egubakoitzean, abenduaren 29an, izango da horretarako aukera, Zurrategi plazan egingo baita ekitaldia, 19:00etan. Herriko norbanako eta eragile batzuek manifestuaren irakurketa egingo dute, eta musika eta giltzak ere izango dira. Horrez gain, urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestaziora batzeko deia egingo dute. "Etorkizunaren atea zabaldu eta iragana ixteko giltzarria gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak