Meaka-Irimo herri plataformak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, eta Alvaro Campos Celador EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea eta irakasle laguntzailea gonbidatu du Análisis de la transición energética corporativa (Trantsizio energetiko korporatiboaren analisia) hitzaldia ematera. Eguaztenean, azaroaren 29an, izango da solasaldia, Torresoroa aretoan, 18:30ean.
2012az geroztik ingeniaritza termikoan da doktore Campos, eta askotariko gaietan egin ditu ikerketak: tartean daude, besteak beste, eraginkortasun energetikoa, biltegiratze termikoa eta energia berriztagarriak. Egun, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduan dihardu lanean, baina nazioartean ere aritzen da; esate baterako, Hasselt-eko (Belgika) PXL unibertsitatean. Are gehiago, "bidezko trantsizio energetikoarekin, sistema deszentralizatuen eta kooperatiba energetikoen arloko aktibismoarekin" uztartzen du bere ikerketa jarduna.