Mairuaren Alardearen inguruko batzorde bat osatu nahian dabil Antzuolako Udala, Olatz Lezeta alkateak jakinarazi duenez. "Kontuan izanda Mairuaren Alardea Kultur Elkarteak alardearen inguruan egiten duen lana eta alardeak berak herrian duen balioa, Udaletik alardeari bultzada bat emateko gogoz gatoz". Haren arabera, helburu dute batzorde horren parte izatea Mairuaren Alardea Kultur Elkarteko kideak, herritarrak eta Udaleko ordezkariak.
Horretarako, ordea, herritarren "laguntza" behar dutela ohartarazi du. "Zuk inork baino hobeto ezagutzen duzu alardea barrutik. Zer hobetu daitekeen denon artean erabaki eta beste urte askoan alardeak aurrera egingo duela sinesten dugulako gogotsu, lanean jarraitu nahi dugu".
Bada, erantsi du horretarako aukera izango dela osatu nahi duten batzordean. Martitzenean, hilaren 28an, izango da lehen batzarra, 18:30ean, udaletxeko bilera gelan.