Gazteen interesak gogoan, bihar irekiko dira gaztetxokoko ateak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 3a, 11:43

"Balio hezitzaileak" izango dituzte oinarri ekintzetan, egunerokotasunean gazteei baliagarri zaizkien gaiak.

Bihar irekiko dituzte ateak Antzuolako gaztetxokoan. DBH 1etik 3rako nerabeek izango dute gerturatzeko aukera, zapatu eta domeketan, 17:00etatik 21:00etara –domeketan izan ezik; orduan, 20:00etan itxiko da–, apirileko lehen asteburura arte. Janire Bassecourt izango da koordinatzailea, baina lantaldea lau kidek osatuko dute, hiru hezitzaile ere arituko baitira lanean.

Bassecourtek azaldu duenez, dagoeneko zehaztuta dituzte azaroan egingo dituzten ekintzetako batzuk, baina gainontzekoak gazteen interesen arabera programatuko dituzte. Horietan, ordea, "balio hezitzaile batzuk" izan nahi dituzte oinarri: "Aisialdian heztea da gure helburua: herrigintzan oinarritzea, kooperatiboak izatea, feministak eta euskaldunak". Horrez gain, asmo dute egunerokotasunerako "erabilgarri" zaizkien gaitasunak garatzea ere. "Adibidez, sukaldaritzan oinarritutako tailerrak egingo ditugu, eta baita garbitasunaren garrantzia azpimarratu ere".

Lanerako, "gogotsu"

Bassecourtek lehenengo aldia du koordinatzaile lanetan gaztetxokoan, baina "gogotsu" dago. Lau kide izanda, "taldean" jardungo dutela nabarmendu du. "Urte polita izango da Antzuolako gaztetxokoarentzat; aberatsa, nire iritziz".

Idolazek du gaztetxokoaren gidaritzaren ardura. Bassecourtek azaldu duenez, "herrian eragiten" jarraitzeko asmoa du aisialdi taldeak. "Aisialdi hezitzaile bat eskaintzen segituko dugu; baita herrian dauden aukeretan parte hartzen ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak