Trekutz parke eolikoaren berri emango du Udalak astelehenean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 26a, 16:34

Capital Energy enpresarekin batzartu ostean, alegazioak aurkeztuko ditu Udalak. Horren berri emango dute batzarrean.

Trekutz parke eolikoaren berri emateko asmoz, batzar irekia egingo du Antzuolako Udalak astelehenean, hilaren 30ean, Torresoroan, 18:30ean. Izan ere, Olatz Lezeta Antzuolako alkateak jakinarazi du pasa den astean batzarra egin zutela Capital Energy enpresarekin, Udalarekin harremanetan jarri ostean, eta adierazi zietela proiektuarekin aurrera egiteko asmoa dutela.

Hain justu, enpresak bi aerosorgailu instalatu nahi ditu Irimogainen: bata, Antzuolako lurretan, Meaka gainean; bestea, Urretxuko lurretan, Irimon.

Alegazio epea

Orain, alegazio epea zabalduko dela esan du Lezetak; hilabeteko epea egongo da horretarako. Udalak alegazioak jarriko dituela nabarmendu du, eta, beraz, egin ditzakeen urratsen berri emango du batzarrean. Hala ere, gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektua onartuz gero, enpresak aurrera egiteko eskumena du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak