Irabazten hasi arren galdu egin du Antzuolak

Mireia Bikuña 2023ko urr. 7a, 19:43

Minuturik gehienetan hobeto jokatu eta areatik oso gertu ibili arren (20 korner atera dituzte antzuolarrek) ezin izan dute denboraldiko lehen garaipena erdietsi  Segura Goierriren kontra, Eztalan: 2-3.

Ondo hasi dute partidua etxekoek: hegaletatik igotzen, kornerrak ateratzen, estrategia jokaldiak egiten... Lan onak fruituak eman ditu 12. minutuan Landerrek egindako golarekin. Abantailarekin lasaitu egin dira etxekoak, baina segurarrek ez dute etsi, eta berdinketaren gola sartu dute, hidrataziorako etenaldia egin aurretik.

Ura edan ostean, parekatu egin da lehia, eta berdinketarekin joan dira aldageletara

Segura Goierriren bigarrena

Bigarren zatia lehenengoaren bide beretik hasi du Antzuolak. Areara hurbiltzen, baina, gol aukera garbiak sortu barik. 75. minutuan etorri da benetako kolpea etxekoendako. Korner erdiraketa baten, defentsaren aldaratzea aprobetxatu, eta bigarren gola sartu du Segura Goierrik.

Min handia egin die golak etxekoei. Are gehiago bost minutu geroago, hirugarren sartu dutenean. Lehia erabakita zegoela, 90. minutuan, markagailua estutu du Antzuolak, Xabi Larrearen golari esker.

Luzapena

Bost minutuko luzatu du partidua epaileak, baina emaitza ez da aldatu. "Taldearen kemena eta indarra azpimarratuko nituzke. Esfortzu handia egin dugu eta merezimendu guztiak partidua irabazteko, baina punturik gabe geratu gara. Baina argi daukat hau dela puntuak hirunaka lortzen hasteko bidea", esan du Aitor Aierbe entrenatzaileak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak