Unax Errasti: "Denboraldian izandako erregulartasuna azpimarratuko nuke"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 28a, 09:56

Unax Errasti txirrindularitza antzuolarra, erdian, Uzarragako igoeran, pasa den domekan.

Denboraldia ez ezik, kategoria ere agurtu du txirrindulari antzuolarrak; jubenilak atzean utzi, eta 23 urtez azpikoetan arituko da aurrerantzean. Denboraldi amaiera, gainera, borobila izan da; etxean irabazi du.

Martxoan egin ohi da Uzarragako igoera, baina moto-laguntzaileen afera zela-eta, bertan behera utzi zen lasterketa ordu hartan. Alabaina, Aiastui txirrindulari elkarteko kideek lasterketa berrartzea erabaki zuten. Pasa den domekan jokatu zen, eta Errastirentzat izan zen garaipena.

Zorionak, Unax! Zer moduz zaude?

Oso pozik nago. Oso motibatuta nengoen. Nahiz eta gertu ibili urtean zehar, oraindik irabazi gabe nengoen, eta hainbeste kosta eta gero, oso pozgarria izan da etxean irabaztea. Era honetan, gehiago disfrutatzen da garaipena. Herritarrekin ere oso eskertuta nago.

"Hainbeste kosta eta gero, oso pozgarria da etxean irabaztea"

Nolakoa izan da denboraldia?

Orokorrean egiten dudan balantzea oso ona da. Nik uste dut kategoria honetan inportanteena gozatzeaz gain, ikastea dela, eta alde horretatik nik uste dut asko ikasteko denboraldia izan dela; momentu onak eta ez hain onak izan ditut, erorikoak-eta, baina denoi gertatzen zaizkigun gauzak dira. Bestela, gustura nago emandako mailarekin.

Zer da azpimarratuko zenukeena?

Erregulartasunarekin gelditzen naiz denboraldi honetan. Maila txukuna eman dut Euskal Herrian zein Espainian. Maila internazionalean korritzeko aukera eman digutenean ere asko ikasi dut Ulma taldearekin, Gipuzkoako federazioarekin edo Euskadikoarekin. Gustura gelditu nintzen, adibidez, Gasteizen jokatutako Espainiako Kopako bigarren postuarekin, eta baita Espainiako Txapelketan ere, Cartagenan. Laugarren egin nuen.

Orain, beste etapa bat hasten da txirrindularitzan; kategoriara moldatzeko urtea izango da"

Denboraldia ez ezik, kategoria ere agurtu duzu. Zer gertatuko da aurrerantzean?

Bai, eta, beraz, Ulma ekipoarekin ere etapa bat bukatzen dugu. Egia esanda, oso eskertuta nago taldearekin eta taldekideekin. Oso ondo tratatu naute lehen momentutik, eta gustura nago egindako harremanekin. Orain, beste etapa bat hasten da txirrindularitzan, 23 urtez azpikoen mailara pasatuko bainaiz. Kategoriara moldatzeko urtea izango da; ekipo zein pelotoiko esperientzia gehien duten jendearengandik ikastekoa. Eibar taldean arituko naiz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak