Uztailaren 6an egindako osoko bilkuran adostu zuen udalbatzak zeintzuk izango ziren legegintzaldi berrirako batzordeak: sei. Orain arteko Lurraldea, Sormena, Ongizatea eta Ogasuna batzordeei beste bi gehitu zizkioten: Ingurumena eta Euskara. Azken hori hilaren 19an batuko da lehen aldiz. Hori ere, irekia izango da, gainerako batzordeen moduan: 18:30ean izango da, udaletxean.
%60ko erabilera
Orain arte euskara arloko gaiak Sormena batzordean landu izan dira. Baina, euskararen kaleko erabilerak izan duen beherakadak kezkatuta, euskarari berari batzorde bat ematea erabaki dute. "Euskararen erabilera jaitsi egin da, eta garrantzia eman nahi diogu. Inportantea iruditzen zaigu bakarka lantzea. Duela gutxira arte haurrek ez zuten gaztelaniaz berba egiten kalean. Ez zen halakorik entzuten. Egun, izugarria da joera hori; eta horrek kezkatzen gaitu", esan du Euskara Batzordeko buru Olatz Lezeta alkateak. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kale-neurketaren arabera, %60koa zen euskararen kale erabilera. Horren arabera, bost puntu jaitsi da erabilera. Bada, beherakada horri adarretatik nola heldu dakioke? "Uemarekin elkarlanean gabiltza. Plangintza bat osatu nahiko genuke, eta ekintza zehatz batzuk egin. Baina, aurretik, lanketa bat egingo dugu, nondik nora joan gaitezken zehazteko".