Aitor Aierbe: "Indartsuak izan behar dugu etxetik kanpo"

Mireia Bikuña 2023ko ira. 14a, 16:00

Antzuolako jokalariak eta entrenatzailea martitzeneko entrenamenduan

Erregional Preferenteko taldeak zapatuan ekingo dio denboraldiari Ilintxaren kontra, Legazpin, Irene Paredes futbol zelaia, 17:30ean.

Etxeko-lanak eginda, lehiatzen hasteko gogotsu daude Aitor Aierberen mutilak.

"Aurtengo lehen lagunartekoa beraien kontra jokatu genuen, Legazpin. Talde indartsua da, zelaiko lerro guztietan. Arlo taktikoa ondo lantzen dute eta teknikoki onak dira, Preferente mailarako. Goiko postuetan egongo den taldea da, eta beraien zelaian jokatzen dugu. Hortaz, zaila izango da", aipatu du Aierbe entrenatzaileak.

Baina futbolariek badakite aurrean ipintzen zaizkien hain bat zailtasunen kontra egin beharko dutela aurten ere. Maila mantentzea dute helburu, eta horretarako badakite zein diren bete beharreko erronka nagusiak. "Iaz, bost puntu bakarrik lortu genituen etxetik kanpoko partiduetan. Oso gutxi; izan ere, horrek behartzen zaitu etxeko puntu guztiak edo ia guztiak irabaztera. Hortaz, indartsuagoak izan behar dugu Eztalatik kanpo, denboraldi lasaiagoa eduki ahal izateko. Era berean, etxekoetan maila eman beharko dugu".

Jokalari gutxi

Denboraldi-aurrea hasteko unean zailtasunak izan zituen taldeak jokalari kopuru duin bat lortzeko: abuztu erdialdean hemezortzi jokalari bakarrik zituen Aierbek. "Lana izan dugu bai. Zalantzak zituzten jokalariekin berba egin behar izan genuen, lana eta ikasketak entrenamenduarekin nola bateratu aztertzeko. Egun, Zumarragako jokalari batzuk daude gurekin, proba modura. Hogei bat jokalarirekin hasiko dugu denboraldia. Gutxi. Txapelketa oso luzea da, eta gorabehera asko egoten dira. Niretzat aproposena 22-25 jokalari artean izatea da", aitortu du entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak