Oporretatik itzulera goxatzeko asmotan kontzertua antolatu dute Antzuolako gaztetxean irailaren 2rako. Arratsaldeko 18:30etik aurrera, Paxkal Irigoyen, Iosu Isaias Villanueva Isuo eta Mikel Bargiela Bargi antzuolarra izango dira oholtza gainean; hiru musikariak Mukuru kolektiboko partaide dira.
Mikel Bargiela aski ezaguna da herrian, bi hamarkadaz Klak!son taldeko kantaria izan baita. Hiru disko eta hainbat zuzeneko emanaldiren ondoren, orain, taldea desegin ostean, Isuo-ri batu zaio, giro folk eta akustikoagotan jarduteko gogoz.
Hain zuzen, hainbat proiektutan aritu den gitarra jotzaile eta kantaria da. Bakarlari gisa eman zituen lehen pausoak, baina bikoteka zein taldean ere aritu izan da, musika estilo ezberdinak jorratuz.
Paxkal Irigoyen musikariaren bakarkako proiektua da Piko. Paxkalek hainbat tresna jotzen ditu: Ahotsa, gitarra, pianoa, saxofoia, biolina, sintetizadoreak, eta abar.