Pello Bilbaok Antzuolan lehenengo, Tourrean gero

Xabier Urtzelai 2023ko uzt. 12a, 14:42

Pello Bilbao gernikarrak altxa zituen besoak atzo, martitzena, Issoiren amaitu zuten Frantziako Tourreko hamargarren etapan. Bahrain Victorious taldeko ziklistaren garaipen keinu hori, baina, antzuolarrek ikusia zuten lehenago ere. Birritan, gainera.   

"Azkeneko urteotan zortea izaten nabil Antzuolan. Iaz gazte mailako azken urtea izan zen niretako, eta Antzuolan denboraldiko lehen garaipena eskuratu nuen. Aurten ere Antzuolan irabazi dut lehenengoz, baina 19 eta 20 urteko txirrindularien artean". Pello Bilbaoren adierazpenak ziren horiek, atzo Frantziako Tourrean lehenengoz etapa bat irabazi zuen gizonarenak. Adierazpen horiek, baina, 14 urte dituzte. Izan ere, gernikarrak bi garaipen eskuratu zituen Antzuolan (2008an eta 2009an), baina kategoria ezberdinetan. 

2008an eta 2009an, Uzarragan eta Antzuolan

Pello Bilbaok gaztetan feeling ona izan zuen Antzuolako lasterketekin, eta halaxe aitortu zion orduan GOIENAri. 2008ko Uzarragako Igoera ikustera animatu zirenek nekez pentsatuko zuten Gernikesa taldeko ziklista gazte hura horren urruti iritsiko zenik. Orduan Uzarragako gainean altxa zituen besoak eta gainera Euskal Herria Txapelketako maillota jantzi zuen – Orduan Xabier Arantzeta antzuolarra 25. tokian helmugaratu zen–.

Ez zen hor amaitu, baina, Bilbaoren bolada ona Antzuolan. Urtebetera, amateur kategoriara Naturgas taldearekin saltoa egin berri zela, Antzuola Sarian ostera ere Pello Bilbaok jaso zituen besoak. Eta kategoriara iritsi berria zela kontuan hartuta, ondoren egingo zuen ibilbidearen lehenengo aurrekariak eman zituen hor. Ondo merezitako garaipena izan zen hura; neurri handian, Asentzio igotzen (107. kilometroan) indartsuena izan zelako irabazi zuen. Ihesaldian zihoazen guztiak ito zituen hor, Bruesako Imanol Iza izan zelako jarraitu zion bakarra. Batera egin zute Elgetan behera, eta 40 segundoko aldea atera zioten atzean zetozen Sergio Ruiz (Debabarrena), Illart Zuazubiskar (Seguros Bilbao), Gorka Olaizola (Bidelan) eta beste hainbati.

Bi kilometroren faltan Izak erasoa jotzeko erabakia hartu zuen, baina ez zuen fruiturik jaso. Bilbao oso adi egon zen hor, eta erritmo aldaketari bikain erantzun zion. Bidelagunaren gurpila berriro ere harrapatu, aurreratu eta Naturgasekoak buruaz ezetz esan zion: "Horrela inora ere ez gindoazela esan diot, atzekoak gertu zetozelako. Nire asmoa zen herriraino batera iristea, eta lehenengo postua esprintean jokatzea". Bada, atzo, Issoireko helmugara iristeko 300 metroren faltan odol hotz hori erakutsi zion esprintean kontrario izan zuen Georg Zimmermann-i (Intermarche). "Egin tira zuk, nik ez dudalako egingo". Bada, 2009ko Antzuolako sari hartan, Matz-Erreka enpresaren parean, kilometro bat lehenago egindakoa itzuli zion Bilbaok Bruesako ziklistari, erritmo aldaketa gogorra, eta Imanol Izak ezin erantzun. Orduan, plazan batu ziren antzuolarrek ez zuten esprintik ikusi, bakarrik helmugaratu zen Pello Bilbao. Atzo, Gernikakoaren esprintarekin gozatu zuen mundu erdik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak