Nicolas Alustizarentzat izan da Antzuola Saria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 9a, 14:22

Laboral Kutxako ziklista zumarragarrak Oier Ibarguren eta Daniel Criado de Frutos izan ditu ondoz ondo, baina garaipena eskuratzea lortu du.

09:30ean hasi da lasterketa Herriko Plazan, eta 123 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute txirrindulariek; urteroko zirkuitua. Birritan igo dute Deskargako mendatea, eta Udanatik egin dute itzulia. Azken bueltan, ordea, Asentzio gainera ere igo dira, eta hortik Arrasatera jaitsi dira, Antzuolarako noranzkoa hartuz, Bergaratik. Herrian bertan egin dute, beraz, azken esprint erabakigarria, ihesaldian baitzihoazen ziklistetako batzuk.

Horietako bat izan da Alustiza, eta nabarmendu du hasieratik "gustura" sentitu dela. Azaldu duenez, hasieran, bederatzi txirrindularik egin dute alde ihesaldian, eta gero beste hamar sartu dira atzetik. "Aurreko astean geldi egon nintzen, eta pixkanaka hasi gara aste honetan. Nire burua ondo ikusi dut, gustura. Asko gustatzen zaizkit horrelako lasterketak".

Ibarguren eta Criado de Frutos, ondoren

Oier Ibarguren azpeitiarra izan da bigarrena helmugaratzen. Hain justu, txirrindularitza utzita du, baina federatuta dagoenez, parte hartzeko aukera izan du bere kabuz. "Talderik gabe egon naiz, eta pentsatzen nuen oharkabean pasatuko nintzela, baina jendeak oraindik badaki nor naizen, eta dezente zaindu naute". Nabarmendu du ihesaldia harrapatzea "kosta" egin zaiola, baina hortik aurrera lasterketa "alde" jarri zaiola, eta bigarren postuarekin "konformatzen" dela. "Ilusio handiarekin nentorren, eta sekulako poza hartu dut; baita ingurukoek ere. Denei eskerrak ematea besterik ez".

Hirugarren, berriz, Finisher taldeko Daniel Criado de Frutos txirrindulariak egin du. Alustiza eta Ibargurenekin batera iritsi da helmugara.

Bailarako ziklistak

Hiru debagoiendar ere izan dira lasterketan –hiruak, oñatiarrak–, baina ezin izan dute garaipenik eskuratu. Unai Cuevak (Grupo Eulen-Nuuk) 55. postua eskuratu du; Aimar Erostarbe (Baque Team), berriz, 87. iritsi da helmugara, eta, gainera, minduta. Izan ere, Murgian (Araba) izan zuten atzo Lehendakari Txapelketako lehen lasterketa –Antzuola saria bigarrena izan da–, eta eroriko baten ondorioz, min du eskumuturrean.

Aimar Madina ere lasterketan izan da, baina jausi egin da Udanan, eta, beraz, ezin izan du lasterketa amaitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak