Pilotari antzuolarrak izan dira garaile pilota jaialdian

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 9a, 10:11

Nagore eta Leire Galeano ahizpa antzuolarrek irabazi dute lehen partida; Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi herrikideek, berriz, bigarrenena. Biak ere, gorriak.

Dozenaka herritar batu ziren atzo arratsaldean Antzuolako udal pilotalekuan eginiko pilota jaialdian. 18:30ean hasi zen, eta bi partida jokatu zituzten. Lehenengoan, Nagore eta Leire Galeano ahizpek Natale Aranburu eta Olatz Insasuti izan zituzten aurkari; hain justu, Insausti ere antzuolarra da. Alabaina, bikote bakar batek irabazi behar du partida, eta galeanotarrentzat izan zen atzokoa. Gorriak hasieratik aritu ziren aurretik, eta, azkenean, 18-7 amaitu zuten partida.

Bigarren partiduan ere baziren antzuolarrak. Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi herrikideek Ander Murua eta Aitor Elizegi pilotarien aurkako partida jokatu zuten. Hasieran, urdinek hartu zieten aurre antzuolarrei, baina, egoerari buelta eman, eta pixkanaka emaitza berdintzen hasi ziren gorriak ere, hamaseina berdindu arte. Izan ere, aurrea hartzea lortu zuten orduan gorriek eta, azkenean, antzuolarrentzat izan zen garaipena, 22-16 eginda.

Partida bukatu berritan, gustura

Pilotari antzuolarrek azaldu zutenez, pozik gelditu ziren eginiko lanarengatik, eta lagunartekoa izanda ere, aitortu zuten beti egoten dela tentsio puntu bat. Dena den, herrian jokatzea berezia izaten dela nabarmendu dute, eta giroan ere nabaria zen, herritarrak bete-betean sartuta baitzeuden bi partidetan. Hala, pilotariek eskerrak eman dizkiete jaialdia antolatzen aritu diren Olalde pilota elkarteko kideei.

Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: Elizegi, Murua, Balerdi, Mendizabal, Aranburu, Insausti, L. Galeano eta N. Galeano.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak