Hain justu, 2016an sartu zen AKEren batzordean Gezalaga, eta futbol eskolaren arduradun izan zen. Hala ere, Mikel Kerexeta presidente ohiak utzitako hutsunea bete zuen urtebetera, eta, hala, sei urte egin ditu kargu horretan. "Denetik bizi izan dugu. Une gogorrak egon dira, batez ere, pandemian neurriak jartzen hasi zirenean, baina momentu politak ere bizi izan ditugu". Adierazi duenez, "gertaerarik garrantzitsuenetako bat" AKE eguna herrira zabaltzea izan da. Guztira, bost egin dituzte, aurrez batzordekideen eta futbolarien festa batera mugatzen baitzen eguna.
Arantzabalen izendatzea
Gezalagaren arabera, "komenigarria" izaten da lehendakari kargua hartzen duenak elkartearen jarduna aurrez ezagutzea, batzordekidea izatea. Eta, hain justu, hori da Arantzabalen egoera, bi urtez baitabil lanean. Hala, nabarmendu du "gogoz" jaso duela izendapena. "Lantalde ona dugu, eta ez dut ardurarik horrekin. Ardura puntu bat badaukadan arren, laguntza daukat atzetik".
Era berean, egungo lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkio Gezalagari urte hauetan guztietan eginiko lanarengatik, baina baita alderantziz ere. Izan ere, presidente ohiak esker mezuak izan ditu batzordekide izan dituenentzat: "Zazpi urte hauetan aldamenean izan ditudan guztiei, eskerrak. Eta esan nahiko nieke beti egongo naizela hor laguntzeko prest; ahal den neurrian, aurrera egiteko".
Dena den, ohartarazi du nahiko lukeela batzordekideak gehiago izatea, "jende falta" sumatzen duelako. Beraz, deialdia egin die herritarrei parte har dezaten.
Datozen erronkak
Lehendakaria aldatuta ere, lanean jarraitzea dagokio orain AKEko batzordeari, eta, gainera, esperientzia propiotik, Gezalagak nabarmendu du jardun horretan ez dagoela deskantsurik. "Futbolariek jai hartzen dute, baina guk beti dugu zerbait egiteko. Herri txikia da gurea, eta denetik egin behar izaten dugu: kartelak jarri, txorizoa igo… Lan boluntarioa dago horren guztiaren atzean".
Hain justu, biek ere jakinarazi dute "hobekuntzak" egin direla azken urteetan; esate baterako, aldagelak konpondu dira. Alabaina, badituzte beste amets batzuk: harmailak egitea, adibidez. Horretarako, ordea, lehenengo proiektu bat egingo dute, baloratu eta Udalarekin harremanetan jarri.