Antzuolako Lizarragako auzoan San Martzial jaiak ospatu dituzte

Miren Arana Pagaldai 2023ko uzt. 2a, 18:12

Gaur amaituko dituzte antzuolarrek, egubakoitzean hasitako, Lizarragako San Martzial jaiak; eguraldia lagun izan ez duten arren, "bikain eta giro oso politean" igaro dituzte auzotarrek egunak

"Jaiak bikain" igaro direla dio, Antzuolako Lizarragako San Martzialak antolatzen ibili den, Josu Bizkalatzak; ekainaren 30 goizean, zuhaitzaren igoera egin ostean, auzotar guztien artean loraz jantzi zuten ermita, eta arratsaldean jaiei ekiteko etxafuegoak bota ziren. Meza ere izan zuten auzotarrek, eta ondoren "oso giro polita" ipini zuten herriko trikitilariek: "oso jende gaztea animatu zen, eta polita izan zen, jaiek etorkizun handia dutela erakutsi baitzen". Herritar eta auzotarren arteko betiko afariarekin amaitu zuten eguna.

Kirolak izan ziren San Martzialgo zapatuko protagonista, goizean plater jaurtiketa praktikatu ostean, arratsaldean izan zen lehiaketa; Bizkalatzaren hitzetan jokoa "oso lehiatua eta oso polita" izan zen; eta azkenean Josu Larreak eraman zuen txirtxila. Momentu berean, San Martzialgo umeen krosa ere jokatu zen: 8 urtetik gorakoetan Xabat Ayastui izan zen txapelduna eta txikienen artean Beñat Aranguren. Iluntzean, afaria eta gero, erromeriak hartu zuen lekukoa, Imanol Astiazaran eta Unai Narbaizaren eskutik: "oso erromeria polita izan zen, ostean suzko erruberak egon ziren, oso su politak hauek ere, eta helaua banatu genuen afaltzen egon ginenen artean".

Jaien amaiera heltzear

Egunsentiko txistulari taldearekin hasi dute gaurko eguna Lizarragako auzotarrek, eta 11:30etan San Martzialgo igoera egon da, Herriko Txirrindulari Challenger-en azken proba; mutiletan, Xabat Ayastui izan da irabazle, bigarren Ekain Irizar iritsi da, eta hirugarren postua lortu du Enaitz Irizarrek; nesketan aldiz, Garazi Aranburu izan da garaile, atzetik Sara Garitano iritsi da eta Izaro Irizar hirugarren.

Eguerdi aldera, bazkaria egin dute Ermitan, jaietako antolatzailearen hitzetan, "eguraldia lagun izan ez den arren, eta guztia kanpoan prest genuen arren barruan egin dugu, eta giro aparta egon da". Trikitilariak ere izan dituzte bazkaria animatzen, Jon Anzurregi eta Andoni Larrañaga ibili dira arkupetan eta ermitan piezak jo eta giroa animatzen.

Jai guztietan zehar soberan geratu den janariarekin egindako tortilla izango dute gaur afari auzotarrek: Tortilla la madre. Gaueko bederatzietan botako da etxafuegoa jaien amaiera iritsi dela adierazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak