Goizean igoko dute zuhaitza ermitaren parean, ohitura baita, baina suziria arduratuko da jaiei ofizialki hasiera emateaz, 18:30ean. San Martzial eguneko meza nagusia izango da 19:00etan, eta ondoren banatuko diren gazta eta ardoa bedeinkatuko dira bertan. Amaitzeko, herri afaria egingo da.
Bihar, arratsaldetik aurrera
Gaurko gaua luzatuz gero, bihar izango da deskantsurako aukera, arratsaldean hasiko baitituzte ekintzak. Herri mailako plater tiraketa egingo dute, helduenentzat, eta gazteagoek, berriz, krosean parte hartzeko aukera izango dute, 17:00etan.
Jaietako egun guztietako ohiturei jarraituz, herri afaria ere egingo dute 21:00etan, eta, menua, urterokoa izango da: auzotarrek eginiko berakatz sopak eta saiheskia, bapo ase arte. Halere, bertaratutakoek dantzan egin beharko dute digestioa, Astiazaran eta Narbaiza arduratuko baitira giroa alaitzeaz erromerian. Are gehiago, ez da Donostiako Kontxako hondartza izango, baina San Martzial inguruak badu horren ukitu bat: urtero legez, su artifizialak eta izozkia izango dira gauean.
Egun osorako zer egina
Etzi amaituko dira festak, baina egun osoan zehar egongo da zer egina. Txistulariak izango dira goizeko hamaiketan, eta, ostean, San Martzialgo igoera egingo da, Aiastui txirrindulari elkarteak antolatuta. Meza ere izango da, eta, amaitzeko, salda nahi duten guztientzat eta luntxa jubilatuentzat. Herri bazkaria eta erromeria ere egingo dituzte, eta, amaitzeko, ohikoa den Tortilla la madre; aurreko egunetan soberan gelditu den janarekin eginiko arrautzopila.
Gaur hasi eta domekara arteko egitaraua antolatu dute
Ekainak 30, egubakoitza
- 18:30 Jaien hasiera.
- 19:00 Meza nagusia.
- 19:45 Trikitilariak.
- 21:00 Herri afaria.
Uztailak 1, zapatua
- 11:00 Plater tiraketako frogak.
- 16:30 Herri mailako plater tiraketa.
- 17:00 Umeen krosa.
- 18:00 Txokolatada.
- 21:00 Herri afaria.
- 23:00 Erromeria.
- 00:00 Su artifizialak eta izozkia.
Uztailak 2, domeka
- 11:00 Egunsentikoa txistulariekin.
- 11:30 San Martzialgo igoera.
- 12:00 Meza eta luntxa.
- 13:00 Txirrindularien sari banaketa eta dantzariak.
- 14:15 Herri bazkaria. Ondoren, erromeria Ansorregi eta Larrañagarekin, bukaerara arte.
- 20:15 Urdaiazpikoaren zozketa eta 'Tortilla la madre'
- 21:00 Suzirien jaurtiketa eta jaien amaiera.