Danbor hotsekin hasiko dira Kalebarrengo jaiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 23a, 12:24

Kalebarrengo jaietako haurren danborrada, iaz. Irudia: Imanol Beloki

Beste urte batez, iritsi dira Kalebarrengo jaiak. Gaur hasi eta domekara arte izango da zertaz gozatu, Kalebarrengo Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu baitu.

Ohi den eran, ez dira faltako arbola jasotzea eta sagar dantza, baina, batzordekideek aurreratu dutenez, berritasun batzuk izango dira; esaterako, bertsolariak. "Adin askotariko jendearentzako ekintzak antolatu ditugu, gazteek zein nagusiek jaiez gozatu dezaten".

Bada, lehen orduetan, batez ere, herriko gazteenek izango dute gozatzeko aukera, haurren danborradak emango baitie hasiera jaiei. 19:00etan izango da hori, eta, ostean, bertan afaltzeko aukera izango da, mahaiak eta eserlekuak jarriko baitituzte. Alabaina, Jai Batzordeko kideek ohartarazi dute norberak arduratu beharko duela jatekoa eramateaz.

Bien bitartean, Udazken musika taldea arduratuko da giroa alaitzeaz. Saioa Zabalo, Lierni Errasti eta Jon Mata antzuolarrek osatzen dute, eta askotariko estiloko abestiak joko dituzte saioan, 21:30ean hasita; batik bat, euskal abestiak. Amaitzeko, berriz, azken urteetan bezala, aulki-jokoa egingo dute.

Tradizioan, hutsik ez

Mural kooperatiboarekin hasiko dute biharko eguna, eta, ostean, ginkana egingo dute, 12:00etan. Aiastui taldeak antolatuta. Arratsaldean ere umeei zuzendutako ekintzak izango dira, lehendabizi, buruhandiak egongo baitira 18:00etan.

Tradizioari, ordea, ez diote hutsik egingo, eta, urtero legez, arbola jasoko dute, 20:00etan. Eguerdian joango dira zuhaitzaren bila, eta sorbalda gainean jaitsiko dute Kalebarrenera. Ondoren, berritasun gisa, Urko Arregi eta Aitor Sarriegi bertsolariak arituko dira bertsotan balkoitik balkoira.

Lutxurdio eta Laja trikitilariak arduratuko dira giroa jartzeaz, 23:00etan hasita, eta, amaitzeko, ohiturei jarraiki, sagar dantza egingo dute, 00:00etan.

Domekan, berriz, txistulariak, hamaiketakoa eta dantzariak izango dira goizean; eta 17:00etan, Esan, galtzerdi maitea! antzerki musikala.

Parte hartzeko deia

Kalebarrengo eta inguruetako gazteek osatzen dute Jai Batzordea, eta jaiak gerturatu ahala elkartzen dira. "Aurreko urteetako egitaraua erreferentziatzat hartuta, egin beharrekoak zeintzuk diren ikusten dugu, ardurak banatzeko". Hala ere, nabarmendu dute "errazago" egiten dela lan jende gehiagok parte hartuz gero. Beraz, batzarretara joateko eta parte hartzeko gonbidapena egin diete inguruko auzotarrei.

Egitaraua, egunez egun:

Egubakoitza

  • 19:00. Haurren danborrada.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 21:30. Udazken taldea.
  • 00:00. Aulki-jokoa.

Zapatua

  • 11:00. Mural kooperatiboa.
  • 12:00. Ginkana.
  • 18:00. Buruhandiak.
  • 20:00. Arbola jasotzea.
  • 20:30. Bertsolariak.
  • 21:30. Herri afaria.
  • 23:00 Erromeria.
  • 00:00. Sagar dantza.

Domeka

  • 10:00. Txistularien goiz-eresia.
  • 11:45. Meza ondorengo salda eta txorizoa.
  • 12:00. Oinarin dantza taldeko dantzari gazteak.
  • 17:00. Esan, galtzerdi maitea! antzerki musikala, Zapotxinen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak