Arbola jasotzea, dantza eta sua, San Juan egunaren bezperan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 22a, 13:08

Oinarin dantza taldeko kideak, 2018ko San Juan bezperaren egunean.

San Juan egunaren bezpera da bihar, eta ospakizunak izango dira nagusi arratsaldean; suaren inguruan batzeko aukera izango dute herritarrek.

20:00etan hasita, arbola jasoko dute lehendabizi Herriko Plazan. Udaleko ordezkari eta langileetako batzuk arituko dira zeregin horretan, baina laguntzaile izango dituzte hainbat herritar ere, soketatik tiraka, ez baita lan erraza izaten zuhaitz bat jasotzea eta, ahal den heinean, zuzen mantentzea.

Oinarin dantza taldeko kideen txanda izango da ostean, San Juan zortzikoa dantzatuko baitute arbolaren inguruan, eta baita soka dantza ere. Gaueko hamarretan, berriz, sua piztuko dute plazan.

Iritsitakoei ongietorria

Horrez gainera, ongietorria egingo zaie atzerritik iritsitako herritarrei ere bihar, ospakizunen aldi berean. Antzuolako Udalak 37 laguni bidali die gutuna parte hartzeko gonbidapenarekin, baina, gaur-gaurkoz, ez da jakinekoa zenbatek hartuko duten parte.

Olatz Lezeta alkatea arduratuko da hitz batzuk esateaz, eta, amaitzeko, Oinarineko dantzariek agurra dantzatuko diete parte hartzen dutenei, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak