Beste urte batez, botikak ordaindu ahal izateko dirulaguntzen eskaria martxan da, Landatxope jubilatuen elkarteko kideek jakinarazi dutenez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ematen duen laguntza bat da, eta helburu du "osasun publikoaren eta adikzioen arloko dirulaguntzak kudeatzea". Eskuratu ahal izateko, ordea, badira eskatzaileek bete beharreko baldintza batzuk.
Urteroko errenta 18.000 euro baino gutxiagokoa duten pentsiodunek eskatu dezakete laguntza, eta horretarako dokumentazioa aurkeztu behar da.
Jarraitu beharreko bidea
Dirulaguntza hori aurrez jaso dutenek Landatxopeko egoitzara jo beharko dute orria sinatzera. Eskaera egiteko lehen aldia dutenek, aldiz, dokumentazioa aurkeztu beharko dute prozesuarekin jarraitu ahal izateko. Guztira, hiru dokumentu eraman beharko dira jubilatuen elkartera: banketxeko kontu korrontearen titularra ziurtatzen duen agiria, aurrez bankuan eskatuta; nortasun agiria; eta Osakidetzako txartela.
Bata ala bestea izan, ordea, dokumentazioaren aurkezpen egunak berberak dira. Hain justu, hilaren 19an eta 20an, astelehenean eta martitzenean, entregatu beharko dira eskatutako guztiak, 16:30etik 18:00etara bitartean.