Goizean goiz hasi dira gorri koloreko jantziak soinean antzuolarrak. Herriko hainbat dendatan ere kolore gorriko globoak jarri dituzte gaurkoa egun berezia dela adierazteko. Eskolako patioan egin dute bazkaria eta ondoren denboraldi amaierako oroigarriak eta sariak banatu dituzte.
Elkarteko jokalari erregularrenek oroigarri bana jaso dute. Omenaldi hunkigarriak ere izan dira. Ibon Gezalagak aurten utziko du AKEko presidente kargua ardura horretan zazpi denboraldi egin eta gero. Lantalde osoari eman dizkio eskerrak, eta bereziki uneoro alboan izan duen Bihotza Esnaola emazteari. Lekukoa nork hartuko duen ere argitu dute AKEkoek; Jokin Arantzabal izango da aurrerantzean elkarteko presidentea.
Irtetzen diren zuzendaritzako kideak, aurten hasi diren entrenatzaileak... omenaldi ugari egin dituzte gaur AKE Egunean.
Pablo Olalderi agur berezia
Eguneko beste omendu handia Pablo Olalde izan da. Urteak egin ditu AKEko lantaldean. Umeak futbolean hasi zirenean hasi zen eta haiek futbola utzi eta gero ere AKEn jarraitu du buru-belarri lanean urteetan. Pertsona estimatua da oso Antzuola Kirol Elkartean eta gaur argi ikusi da hori. Sari eta oroigarri ugari jaso ditu, futbol jokalariek pankarta handi bat ere zabaldu dute Eskerrik asko Pablito jartzen zuena. Bertsoak ere abestu dizkiote. Txalo zaparrada handia jaso du eta bat baino gehiago ibili da malkoak eutsi ezinik. Olalde bera ere oso hunkituta agertu da.
Oroigarria jaso duten AKEko jokalariak:
- Janire Hurtado (Infantil neskak)
- Arantzazu Bezalaga (Ohorezko infantil neskak)
- Auritz Iturbe Pipas (Infantil mutilak)
- Lide Manso (Kadete neskak)
- Jon Tena (Kadete mutilak)
- Hartiz Mondragon Mondra (Gazte mutilak)
- Unai Murgiondo Txano (Preferente mutilak)
- Aipamen berezia: Aimar Madina eta Beñat Larrea.
Egun osoko egitaraua
Egun osoko festa izan da gaur Antzuolan. Poteoa eta puzgarriak izan dituzte goizean. Frontoian egon dira puzgarriak, gehien gehienak futbolarekin lotutako jokoak izan dira. Gotx elektrotxarangarekin emango diote amaiera AKE Egunari.