Austriako Alpeetan jokatuko da aurtengo World Mountain and Trail Running Championships txapelketa; ekainaren 6an irekiera ekitaldiarekin izango du hasiera, baina hurrengo egunean ekingo diete lasterketei; eta ekainaren 10ean amaituko da. Maila nazionaleko txapelketetan parte hartu ostean, lehenengoz arituko da Ibai Larrea antzuolarra mundu mailako txapelketa horretan.
Lasterketaren kronologiari dagokionez: ekainaren 7an modalitate bertikaleko ibilbideak zabalduko du txapelketa; hurrengo egunean, ostegunean, trail short motakoa egingo da; ekainaren 9an, long trail delakoa; eta txapelketa amaitzeko, mountain classic modalitateko lasterketa egingo dute, eta han lehiatuko da antzuolarra.
Nola izan zen izen ematea? Zure erabakia da edo aukeraketa bat egiten da?
Hautatua izaten zara, bai. Nire kasuan, maila nazionaleko bi txapelketatan hirugarren eta laugarren gelditu nintzen, eta horregatik hautatu naute. Murtzian aritu nintzen 23 urtez azpiko igoera bertikaleko txapelketa batean eta laugarren gelditu iritsi nintzen helmugara; Lloret de Marren egindako Mountain Trail Running Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan ere aritu nintzen, eta hirugarren gelditu nintzen; horregatik aukeratu naute txapelketa horretarako.
Datorren astean Austriako alpeetan izango da lasterketa; noiz joango zara?
Txapelketa martitzenean hasiko da, baina ni astelehenean joango naiz Innsbruck-era, hasten den tokira. 6an irekiera ekitaldia bakarrik egongo da, eta 7an izango da lehenengo lasterketa; modalitate bertikalarekin ekingo diote.
"NIRE ONENA EMANEZ
ONDO PASATU NAHI
DUT, NIRE ETA
IKUSLEEN
GOZAMENERAKO"
Lehenengo aldia izango da, ezta? Zer sentsazio duzu?
Bai, lehenengo aldia da txapelketa horretan arituko naizena. Egia esan, oraindik ez nago urduri, baina badakit jarriko naizela; mundu mailako lehiaketa bat da, gainera. Hori bai, oso gogotsu nago hara joateko; jende pila bat goaz eta primeran ibiliko garela uste dut.
Trail short modalitatean lehiatuko zara?
Mountain classic modalitatean arituko naiz, orain arte lehiatu ditudan txapelketen antzekoa izango delako. Hogei kilometro baino gutxiagoko lasterketak egin ditut orain arte, erritmo aldaketa dutenak, eta hura ere antzekoa izango da. Ez dakit zein izango den ibilbide zehatza, bi tontor-edo igoko dira, baina ez dut uste guztia mendi-menditik izango denik.
Txapelketan lehiatuko den gertukoren bat ezagutzen al duzu?
Bai, ezagutzen ditut baten batzuk, bai nire modalitate berean arituko direnak eta baita desberdinetan lehiatuko direnak ere. Esan dudan bezala, ni classic modalitatean lehiatuko naiz, baita Malen Osa oñatiarra eta Igorreko Onditz Iturbe ere; baina bi haiek Ainhoa Sanz urretxuarrarekin batera beste modalitate batean ere arituko dira, bertikalean.
Gero, maratoian edo short trail-en arituko diren bi debagoiendar ere ezagutzen ditut: Ainara Urrutia aretxabaletarra eta Oihana Kortazar elgetarra; eta Urretxuko Aritz Egea ere lehiatuko da, baina hura long trail modalitatean.
Ba al duzu buruan hautsi nahi duzun marka edo helbururen bat?
Ez, ez dut horrelako helbururik. Disfrutatzera noa; ondo pasatu nahi dut, eta paisaiaz gozatu. Hori da nire helburua; lehenengo aldia da, gainera, eta izugarrizko paisaiak daude, eta horiez ere gozatu nahi dut. Beraz, nire onena emanez ondo pasatzea espero dut, nire eta ikusleen gozamenerako.