Herria gorri janzteko eguna dela diote AKE elkarteko kideek, eta horretarako aukera izango dela zapatuan; izan ere, beste urte batez, AKE eguna ospatuko dute.
11:00etan hasiko da festa, puzgarriak izango baitira Zurrategi plazan. 12:00etan, berriz, karro-poteoa egingo dute; alabaina, Ibon Gezalaga AKEko lehendakariak azpimarratu du bazkaria dela jende gehien batuko duen ekintza, gutxi gorabehera, 415 herritar inguru bilduko baitira 14:30ean.
Bazkalostean, sari banaketa egingo dute, eta jokalari erregularrenak sarituko dituzte. "Kategorietan banatuta, oroigarri eta argazki bana banatuko diegu erregularren aritu diren jokalariei, entrenatzaileekin kontsulta eginda; ez baitira gol gehien sartu dituztenak". 17:30ean izango da hori, eta, horren ostean, Gotx elektrotxaranga izango da, 18:30ean.
AKEren eragina
Egun, AKEk berrehun jokalari inguru ditu, zazpi taldetan banatuta; horietatik hiru neskenak dira eta beste laurak, mutilenak. Horrez gain, bada futbol eskola ere. "2011tik 2014ra bitartean jaiotakoak daude aurten, eta nahastuta egoten dira jokalariak, neska zein mutil; ez da lehiaketa bat, gerora futbolean aritzeko eskola bat baizik".
Haren arabera, elkarteak eragin "handia" du herrian, eta uste du horren adibide dela duen jokalari kopurua. Boluntarioen lana ere goraipatu du.