Ramon Aldasoro I. Trial Memoriala egingo dute zapatuan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 24a, 11:56

Hirugarren aldiz egingo dute bihar trial txapelketa; irudian, iazko une bat. Argazkia: Imanol soriano.

Lau kategoriatan banatuko da Ramon Aldasoro I. Trial Memoriala, eta Euskadiko Trial Txapelketaren parte izango da. Parte-hartzaile bakoitzak bi buelta eman beharko ditu zona bakoitzean, eta ahalik eta gutxien jarri beharko dute hanka lurrean.

Irain motor klubak antolatuta, Ramon Aldasoro I. Trial Memoriala egingo dute maiatzaren 27an, zapatua, Antzuolan. Euskadiko Trial Txapelketaren parte da, eta hirugarren aldia du, beste izen bat hartu duen arren. "Aurten hil da Ramon, eta bere izena jarri diogu lasterketari; orain dela bost urte atera zen espetxetik, eta buruan zekarren hau egiteko ideia. Berak eginiko lanarengatik ez balitz, ez litzateke posible izango", azaldu dute Imanol Lizarralde eta Beñat Arriola antolatzaileek.

Lau kategoriatan –TR1, gorria; TR2, urdina; TR3, berdea; eta TR4, horia– banatuko da lasterketa. Maila bakoitzak kolore bana du, eta zailtasunaren arabera dago eginda banaketa. "Horiak dira errazenak, eta hurrenkeran doaz gainontzeko guztiak; parte hartzaileek bere mailaren arabera ematen dute izena".

Alabaina, ohartarazi dute eguraldi txarra egin ezkero, zaildu egingo dela, hala nola lokatza-eta pilatu daitekeelako inguruetan, basoa izango baitute topaleku.

Hamar zona egongo dira guztira, eta parte hartzaile bakoitzak bi buelta eman beharko dizkio bakoitzari. Antolatzaileek azaldu dutenez, zona bakoitzean maila bakoitzera egokitutako ibilbideak daude, baina denek dute helburu berbera: lurra hankekin ahalik eta gutxien ukitzea. "Ezin da jausi motorretik. Hanka jarri gabe gainditu behar da zona bakoitza; jarri daiteke, baina horren araberakoa da puntuazioa". Alegia, hanka lurrean geroz eta gehiago jarri, puntu gehiago eskuratuko ditu parte-hartzaileak, baina hori ez da seinale ona: "Gero eta puntu gehiago, okerrago; hanka gehiago jarri denaren seinale da".

Egiaztapenak

15:00etan irtengo da lehen pilotua Irainen, eta antolatzaileek aurreikusi dute 60-70 parte hartzaile inguru egongo direla, oraindik izena emateko aukera dagoen arren. Horiek guztiak, ordea, lehenago bertaratu behar dira, 13:30ean egingo baitituzte egiaztapenak. "Segurtasuneko baldintza batzuk begiratu behar izaten dira; motorra ondo dagoela, esaterako". 

Klubeko kideak eta motor-zaleak dabiltza antolakuntza lanetan, eta laguntzaile dute Antzuolako Udala. Horrez gain, baita Goizper Group ere; adierazi baitute bere babes ekomikorik gabe, "seguruenetik, hau ez litzatekeela egingo". Horrez gain, Erreka Taldea, Jon Zuremoto, Bikain zentroa eta Leo motorrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak