Boto guztiak zenbatuta, EH Bilduk gehiengoa izango du beste behin udal gobernuan datorren legegintzaldian. 594 boto lortu ditu guztira, eta Olatz Lezeta Urzelai izango da Antzuolako hurrengo alkatea; hain justu, ekainaren 17an hartuko du aginte makila. Hala ere, taldearen lana azpimarratu du, alboan izango baititu, hurrenez hurren, Aritz Igeltz, Amaia Azkarate, Imanol Lizarralde, Purita Arregi, Juan Kruz Lizarralde eta Ima Beristain.
EAJk, berriz, aurreko legegintzaldian baino zinegotzi bat gehiago izango du, herritarren 350 boto jasota. Hala, Josu Xabier Arangurenek, Dina Mujikak, Basilio Ormazabalek eta Rakel Velascok ordezkatuko dute alderdi jeltzalea.
PSE-EEk, ordea, ez du ordezkaririk eskuratu. 68 boto eskuratu ditu, eta zinegotzirik gabe gelditu da. Hain justu, Antzuolak lehen aldia izango du ordezkaritza sozialistarik gabe.
Batzar Nagusiak vs Udal hauteskundeak
Bi hauteskundetarako botoa eman dute antzuolarrek gaurkoan, eta ondorengo taulan bien arteko konparaketa jasotzen da. EH Bilduk eskuratu du boto gehien; guztira, 562, udal hauteskundeetan baino 32 gutxiago. EAJk ere gutxiago jaso ditu; hain justu, 348 izan dira, udalerako baino bi gutxiago. PSE-EEk, ordea, hamar gehiago lortu ditu: 78. Horrez gainera, Elkarrekin-ek 41 lortu ditu, PPk hiru eta Stop-ek beste hiru.