Errekalde auzoko lanen proiektua, onartuta

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 31a, 13:54
Errekalde auzoa: eskuinaldean, Lazareto etxea; ezkerraldean, errepidea eta etxebizitzak.

Proposamenaren alde egin zuten osoko bilkuran alderdiek, eta alkateak nabarmendu du "auzoko beharren lehentasunak adostuta" zehaztu zutela proiektua. Lehiaketara aterako dute orain, eta aurreikuspena da urtea bukatu aurretik hastea lanekin.

Errekalde auzoko urbanizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua onartu zuten martitzenean osoko bilkuran, alderdi guztien aldeko botoekin, EAJk eta PSE-EEk lan horietara bideratuko den kreditu gehigarrien bozketan abstentziora jo bazuten ere. Dena den, Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak jakinarazi du "onarpen garrantzitsua" dela asteotakoa: "Antzuola 2018-2030 plan estrategikoan gorriz markatutako helburuetako bat zen Errekalde duintzea".

Azaldu duenez, horretarako, bizilagunekin parte-hartze prozesua egiteko nahia zuten pandemiaren aurretik, eskaerak jasotzeko eta proiektu bat planteatzeko. Osasun egoerak baldintzatuta, ordea, atarietako ordezkariekin egin behar izan zuten lanketa hura. Horrez gainera, inkesta bat zabaldu zuten auzoan erantzunak jasotzeko, eta, hala, alkateak adierazi du "auzoko beharren lehentasunak adostu eta proiektua enkargatu" zutela. Hala ere, proiektuak "atzera-aurrera batzuk" izan ditu, eta "apur bat atzeratu" da.

Proiektuaren bidea

Martitzenean onartutako proiektua hirugarren bertsioa baitzen. Lehenak 600.000 euroko aurrekontua zuen, eta, hori gogoan, urtarrilean egin zuten lehen proposamena. Lurralde batzordean, baina, aldaketa batzuk proposatu zitzaizkion, eta, beraz, otsailekora eraman zuten, beste behin. Han eman zitzaion onarpena, eta, era horretan, osoko bilkurara heldu zen, behin betiko onarpena izan zezan.

Orain, ordea, lehiaketara atera behar da, eta, horretarako, pleguak idatzi eta publikatu behar dira; bada, asmoa da Aste Santu ostean edukitzea. Publikatu ostean, bizpahiru hilabeteko epe bat eman behar da eraikuntza enpresek eskaintzak aurkeztu ditzaten, eta, azkenik, irabazlea iragartzen da, kontratua sinatzearekin bat. "Udazkenerako kontratua sinatuta eduki ahal izango genuke, dena ondo badoa, eta urtea bukatu baino lehen lanak hasita". Halere, Kortabarriak erantsi du obrek sei hilabeteko epea dutela.

Lanen xehetasunak

800.000 euroko aurrekontua izango du obrak. Biribilgune moduko bat egingo dute albo bietan, Lazaretoa eraitsita; aparkalekuek ordezkatuko dute. Plaza ere egokituko dute, hala nola zorua, argiteria eta lorategiak aldatuta. "Irisgarritasuna hobetuko da, eta degradatuta dagoen auzo hari duintasuna emango zaio".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak