Antzuola eta Aiherra (Nafarroa Beherea) herrien arteko loturak are gehiago sendotzeko, bi herrien arteko mendi ibilbide bat sortzen aritu dira, eta horren berri emango dute udalek zein bultzatzaileek martitzenean, hilaren 21ean, Urruñako Xaia ostatuan (Lapurdi) egingo duten aurkezpenean, 12:00etan.
Ibilbide horren xehetasunak webgune batean bildu dituzte, eta, zehazki, hori bera aurkeztuko dute. Oraingoz, euskaraz izango da soilik, baina, gerora, gazteleraz eta frantsesez jartzeko asmoa ere badute. Alabaina, aurkezpenean emango dituzte azalpen gehiago.
Dena den, aurreratu dute martxoaren 25ean ibilbidearen etapa bat egingo dutela: Lekorne (Lapurdi) eta Aiherra artekoaren zati bat, eta izena emateko azken eguna martxoaren 23a izango da. Horrez gainera, apirilaren 2an, Legazpi eta Antzuola artekoa egingo dute, eta, ostean, bazkaria. Salgai daude txartelak liburutegian eta udaletxean hilaren 27ra arte.
Elkarlan gehiago
Ez da, ordea, elkarlan bakarra izango. Udalbiltzak bigarren aldiz ondu baitu Geuretik Sortuak programa, eta Aiherrako eta Antzuolako udalek batera jardungo dute aurtengoan. Hala, Pette Etxebarria zinemagile zuberotarrak zinemagintzan oinarritutako lan bat egingo du bi herrien artean, euskarazko sorkuntza bultzatzeko.