Bigarren aldia izango du aurten San Isidro emakumezkoen pilota txapelketak, pandemia aurretik egin baitzen lehen aldiz, 2019an, baina, ordutik, saiakerak egin arren, ezin izan dute antolatu. Hala ere, oraingoan, bai. Olalde pilota elkartearen gidaritzapean, domekan, hilaren 19an, hasiko da binakako txapelketa, 10:00etan. Goizper eta Erreka Taldeen eta Antzuolako Udalaren laguntzarekin, benjaminen, alebinen, infantilen eta kadeteen mailetan jokatuko dira partiduak.
Benjaminen eta alebinen mailari dagokionez, guztira, 11 bikotek hartuko dute parte. Parte-hartzaileak, ordea, hiru taldetan banatu dituzte, eta talde bakoitzeko pilotariek egun ezberdinetan jokatuko dituzte lehen faseko partidak; alabaina, guztiek jokatu beharko dituzte hiru partida dagokien egunean. Hala, talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek izango dute bigarren fasera igarotzeko aukera, eta horietan sailkatutako lehen bikoteak finalera igaroko dira zuzenean. Tartean, gainera, badira antzuolarrak ere.
Infantilen eta kadeteen mailan, berriz, partiden ordena berbera izango da. Besteen eran, 11 bikotek hartuko dute parte, 22 jokalarik, eta faseak zein horiek jokatzeko egunak berdinak izango dira.
Egunak, zehaztuta
Martxoaren 19an, 26an eta apirilaren 23an jokatuko dira lehen partidak; bigarren fasekoak, berriz, maiatzaren 7an izango dira. Azkenik, maiatzaren 13an jokatuko da bi mailetako finala, herrian San Isidro eguna ospatuko den egunean.
Partiden nolakotasunari dagokionez, finala izan ezik, guztiak jokatuko dira hamabi tantora; finalean, ordea, tanto gehiago eskuratu beharko dituzte: benjaminen eta alebinen mailan hamaseira jokatuko dute; eta hemezortzira infantiletan eta kadeteetan.
Bergarakoan izen-ematea
Bestetik, Arrano pilota txapelketa herrikoia antolatu du Bergarako Ernaik, eta jakinarazi du Antzuolako Aitz Garbi tabernan izena emateko aukera dagoela. Azaldu duenez, bikote bakoitzak 22 euro ordaindu beharko ditu eta kamiseta bana jasoko dute. Interesa duenak, beraz, martxoaren 19a izango du horretarako azken eguna, domeka.
Txapelketaren egunari dagokionez, apirilaren 3an hasiko da eta maiatzaren 20an izango da final handia.