Antzuolako sail batetik 200 haritz-landare lapurtu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 14a, 12:17

Etxezarreta, landarearekin; atzean, landaketa egin zuen saila.

Antzuolako Benitua baserriko Santi Etxezarretari urtarrilean landatu zituen 200 haritz-landare lapurtu dizkiote. Salaketa jarri du Ertzain-etxean.

"Uzarraga auzoan dudan lursailean izan da. Pinudia bota ondoren, haritza sartzea erabaki genuen. Urtarrilean sartu nituen, haritzak eta baita astigar zuriak ere, platano faltsuak deiturikoak. Kontua da beste landaketa batzuk egin behar genituela, eta igo nintzen landareak eta tresnak eramatera. Orduan konturatu nintzen urtarrilean landatutako haritzak ez zeudela", dio Etxezarretak. Landaketa egin zuenetik ez da igo lursaila duen tokira; hortaz, ez daki noiz lapurtu dizkioten landareak. Argi duen bakarra da lapurreta egin duenak badakiela zertan zebilen: "Platano faltsuak atera dituzte lurretik, baina hemen utzi dituzte, ez dituzte eraman. Lapurtzera etorri denak bazekien zer nahi zuen".

Salaketa jarri du

Ertzain-etxera joan zen salaketa jartzera, eta ertzainak lekuan bertan izan dira argazkiak atera eta gertatutakoa ikertzen. "Nik uste dut hartara dedikatzen den norbait izan behar dela. Izan ere, partikular bat ez da lapurretan ibiliko. Dirulaguntzak lortzeko landatutakoaren fakturak aurkeztu behar dira eta", argitu du antzuolarrak. Nabarmendu du ez dela samurra lursailera iristea; autoz igotzen da Etxezarreta, bidea ondo ezagutzen duelako, baina bidea ezagutzen ez duenarentzat ez dela samurra dio. Dagoeneko landatu ditu berriro ere haritz-landareak: "Lehen, landatu nituen takodunak, urtebeteko landareak. Horiek samur atera daitezke lurretik eta beste nonbait sartu. Orain, berriz, haziagoak landatu ditut, eta zailagoa da ateratzea. Izan ere, lurretik ateratzen badituzu, zuztarra hondatu daiteke eta ez dute balio berriro ere landatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak