Uzarragako igoera, bertan behera

Xabier Urtzelai 2023ko mar. 9a, 13:41

Uzarragako Igoerako azken metroak zaleekin beteta, iazko lasterketan.

Antzuolako Aiastu Txirrindulari Elkarteak martxoaren 25ean egin behar zuten gazte mailako Uzarragako Igoera bertan behera uztea erabaki du: "Txirrindularitzak azken asteotan bizi izan duen egoerak horretara eraman gaitu", adierazi dute ohar bidez. 

Antzuolako gazte mailako Uzarragako Igoerak 49 edizio bete behar zituen martxoaren 25ean, baina lasterketa hori antolatzen duen Aiastu Txirrindularitza Elkarteak ohar bidez jakinarazi berri du lasterketa bertan behera geratzen dela: "Motordun laguntzaile taldeak probetara joateari utzi zion otsailean aseguru-estaldura arazoak konpondu bitartean eta, aldi berean, Ertzaintzaren Trafiko zuzendaritzak hamar motordun laguntzaile derrigortzat jotzen ditu lasterketa antolatzeko baimena emateko. Ondorioz, ezinezkoa da Uzarragako Igoera antolatzea. Asteazkenean Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak arazo honi behin-behineko irterbidea topatu diola azaldu zigun arren, antolatzaile taldeak ezinezkoa ikusten du bi astean Uzarragako Igoera behar bezala prestatzea. Gipuzkoako Federazioak hala eskatuta, Aiastui Txirrindulari Elkarteak gaurko egunera arte itxaron du. Baina proba antolatzeak eskatzen dituen gutxieneko epeak agortuta direla uste dugunez, nahi ez genuen erabakia hartu behar izan dugu, lasterketa bertan behera uztea. Egutegian lekurik balego, Uzarragako Igoeraren 49. edizioa beste egun baten jokatzea eskatuko diogu Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioari, tarteren bat topatzea nekeza dela badakigun arren. Parte hartzekoak ziren txirrindulari eta taldeetako arduradunei, Gipuzkoako Federazioari, gure etxe laguntzaileei, kolaboratzaileei eta antolatzaile taldeko boluntario guztiei barkamena eskatuz eta erabakia ulertuko dutelakoan agurtzen gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak