Urtea hastearekin batera hasi ziren Ibarrondo auzoa berrurbanizatzen. 151.282,28 euroko aurrekontuarekin, Orsa SL enpresako langileak dabiltza zeregin horretan urtarrila ezkero, eta martxa onean doaz, atzo hasi baitziren asfaltatze lanekin.
Ondorioz, Antzuolako Udalak jakinarazi du lan horiek iraun artean, makina bertan denean, bederen, Ibarrondora ezingo dela autoz sartu. Horrez gainera, Ibarrerainoko paseoa ere asfaltatuko dute, eta, beraz, ezingo da handik igaro.
Hala, behin lan guztiak amaituta, beste itxura bat izango du auzoak. Batik bat, oinezkoentzat egokitu nahi izan dute. Lau etxebizitza-atari daude auzoan, eta horietako bakoitzaren aurrean belargune bat ez ezik zuhaitzak ere jarriko dituzte bloke bakoitzaren albo banatan; lau, guztira. Iturri bat ere jarriko dute Ondarre alderako bidean, lehen zegoen zelai-gunea aprobetxatuz.
Aparkalekuei dagokienez ere, ordea, hobekuntzak egingo dira. Espaloiak kendu eta zoru osoa maila berean egoteak 35 aparkaleku jartzea ahalbideratuko du.
Ostean, Ondarren
Datorren astean, berriz, Ondarre auzoko zuloak konpontzen hasiko dira.