Ibai Larreak eta Mayi Mujikak irabazi dute Antzuolako 8 Miliak lasterketa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 25a, 14:17

10:30ean hasi da Antzuolako 8 Miliak lasterketaren hamargarren aldia, eta eguraldi bikaina izan dute 300 korrikalari inguruk, mendi gainetan elurrarekin eta izotz apur batekin topo egin badute ere. Helduen proba ez ezik, gazteena ere egin dute lehen aldiz, eta 24k hartu dute parte, ibilbide motzago bat eginda.

Ibai Larrea antzuolarrak errekorra ondu du beste behin, iaz ere hala egin baitzuen, ordubete eta 51 segundotan helmugaratuta, iaz baino bi minutu gutxiagoan. Eta, horrenbestez, lehena izan da gizonezkoetan. Mayi Mujika urretxuarrak, berriz, lehen aldia izan du Antzuolako 8 Miliak lasterketan, eta garaile izan da emakumezkoetan, ordubete, hemeretzi minutu eta 33 segundorekin.

Bigarren eta hirugarren sailkapenei dagokienez, Larreak hurrenez hurren izan ditu Iñigo Alzola arrasatearra (1:04:36) eta Aitor Ajuria otxandiarra (1:05:12). Emakumezkoetan, Mujikaren ostean iritsi dira helmugara Irati Larrañaga usurbildarra (1:20:58) eta Garazi Abasolo aretxabaletarra (1:21:35).

Larreak, gainera, lehena izateaz eta errekorra ontzeaz gainera, antzuolar onenaren saria ere irabazi du gizonezkoetan. Aldiz, emakumezkoena, Ainize Lizarralderentzat izan da, 1:36:30 markarekin.

Hala ere, emaitzez harago, izan da beste marka bat ere. Izan ere, ibilbidean zehar, bi urdaiazpiko jarri dituzte antolatzaileek, hartzera animatzen ziren emakume eta gizonezko banarentzat. Hala, Iker Agirregabiria aretxabaletarra eta Ainhoa Aspiazu bergararra helmugaratu dira urdaiazpiko bana gainean hartuta.

Gazteen lasterketa

2007 eta 2013 urteen artean jaiotako gaztetxoentzako bost kilometro inguruko lasterketa antolatu dute lehen aldiz. Helduena baino hamar minutu lehenago hasi da, 10:20 aldera, eta 24k hartu dute parte. Julen Badiola bergararrak 24 minutu eta segundo bakarrean egin du lasterketa eta Nora Larrea bergararrak, berriz, 31 minutu eta 49 segundotan. Hala, biak izan dira garaile sailkapen orokorrean. Herritarren kategorian, ordea, Lier Arangurenek eta Izadi Sudupek egin duten lehenengo.

Erlazionatuak

Antzuolako 8 Miliak: helduen lasterketa iruditan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023 ots 25 Antzuola

Antzuolako 8 Miliak: gazteen lasterketa iruditan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023 ots 25 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak