Urteurrena ospatzera datoz atleta gazteak

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 24a, 17:00

Ibai Larrea, artxiboko irudi batean, lasterketa irabazteko metro gutxiren faltan; bihar irteera puntuan izango da.

Bihar, zapatua, Antzuolako 8 Miliak lasterketak hamar urte beteko ditu. Gazteen lasterketa da nobedadea eta badirudi eguraldiak tregoa emango duela: 10:20an, 25 gazte abiatuko dira; eta hamar minutu geroago, ia 300 korrikalari.

Antzuolako 8 Miliak lasterketaren hamargarren aldia egingo dute bihar (10:20), eta, hain zuzen, lasterketa zapatuan egitea da nobedadeetako bat. "Orain arte, urtero-urtero domekan egin izan dugu. Gure sentsazioa herrira begira ere bada hamargarren urteurrena izanda uste dugula ospatzeko egun bat izan behar dela. Eta igande batean, eguerditik aurrera, adibidez, erritmoa moteldu egiten da, jendea etxera joaten da bazkalostean… Hamar urte ere ez ditu edozeinek egiten horrelako lasterketa bat antolatzen. Eguna luzatze aldera eta ospatze aldera, zapatura pasatzea erabaki dugu", adierazi du antolaketa taldeko kide Gorka Etxezarretak.

Eta aurreratu moduan, beste nobedadea da gazteendako lasterketa ere antolatuko dutela: "Gazteena urte askoan ibili gara pentsatzen, gaztetxoak ere pixka bat mendian sartzeko eta zerbait prestatu nahian, baina sekula ez dugu bukatu burutzen. Eta aurten ja ez dugu aitzakiarik izan. Hamargarren urteurrena izanda, pentsatu genuen zerbait ezberdina egin behar genuela. Gazteena bospasei kilometro inguruko ibilbidea izango da, nahiko eskuragarria edozein mutikok edo neskatilak egiteko, eta helduena urterokoa izango da".

Adi urdaiazpikoarekin

Korrikalariek urdaiazpiko bana ere izango dute ibilbidean zehar, nork hartuko zain. Julian Ramirez de Okarizek eman ditu xehetasun gehiago: "Kontua da pare bat urdaiazpiko egongo direla, lehenengo emakumearendako eta lehenengo gizonezkoarendako, ibilbidean zehar puntu estrategiko batean. Ez dugu esango justu non lasterketa egunera arte. Baina egongo da lasterketaren puntu batean urdaiazpiko bana nahi duenak hartzeko. Baldintza bakarra da urdaiazpikoa hartu eta egin beharko duela gero gelditzen den ibilbide zatia urdaiazpikoa eskuan hartuta helmugaraino".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak