Mikel Larrañaga 'Remak': "Paisaia abstraktua da, koloreetan oinarritua"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 17a, 15:00

Mikel Larrañaga 'Remak' artista bergararra, eguaztenean, muralaren aurrean.

"Erosoa" den eskala batean ondu berri du murala bergararrak, testuingurua gogoan izanda. "Oso gustura" gelditu da lanarekin, eta "eskertuta" dagoela adierazi du.

Ione Larrañaga eta Oier Peñagarikano herrikideek muralgintza proiektu bat abiatu zuten 2021ean. Bederatzi mural egin dituzte herrian orain arte, eta, eginiko lanari jarraipena emateko asmoz, kanpoko artistak gonbidatu dituzte. Alaia Gaztelumendi artista oiartzuarrak Maitasun izkutuak murala egin zuen abendu hasieran, eta aste honetan Mikel Larrañaga Remak bergararra aritu da murala margotzen, Buztinzuri kalean. Proiektuaren bultzatzaileek argi baitzuten haren lana integratzeko gune egokia zela.

Murala amaitu berri duzu; zer adierazi duzu?

Zerbait adierazi baino gehiago, esango nuke lanketa bat izan dela, testuingurua kontuan hartuta eginikoa. Bertako koloreetan oinarritutako paleta batekin paisaia abstraktu bat, forma organiko eta zuzenen arteko talka errepresentatzen duena. Zelanbait, intuizioaren eta kontrolaren arteko orekatzat.

Beraz, ingurua gogoan izanda txertatzen duzu zure lana?

Bai, hori da. Nire lana, hein handi batean, inguruan oinarritzen da. Arkitektura, koloreak... paleta erabakitzeko orduan behatzen ditudan gauzak dira. Horrez gain, koloreei dagokienez, erabiltzen ditudanak kontrasterako ere badabilzkit; esate baterako, kolore hotzak erabiliz gero, beroren bat.

Gainera, gustura zaude egokitu dizuten hormarekin.

Justu niretzat aukeratu duten pareta erabat egokitzen da nire ezaugarrietara. Niretzat opari bat izan da. Eskala aldetik iruditzen zait ez dela oso inbaditzailea, lanerako ere nahiko erosoa da, baina, era berean, uste dut interesgarria dela inguruko arkitekturarekin sortzen den harremana.

Horrelako eskaletan aritzen al zara?

Egin ditut fatxadak, baina hau alde zaharrean dago eta alde zaharrak, azkenean, altuera batzuk ditu eta muralaren tamaina hau nik uste dut hobeto integratuta gelditzen dela beste handiago bat baino; halako bat balitz, inbaditzaileagoa litzateke.

Lehen lana duzu Antzuolan...

Bai, eta oso eskertuta nago Ionerekin eta Oierrekin. Hori azpimarratu nahi dut. Euren proiektuan erabaki zuten aurten irudiei buelta bat ematea, beste irudi, forma eta kolore batzuekin janztea herria. Uste dut oso positiboa dela estilo ezberdinak egotea, proposamen ezberdinak, denon artean kultura aberasteko. Modu oso koherentean egin dute.

Gustura gelditu al zara egindakoarekin?

Oso gustura. Jendearen harrera ere ona izan zen. Kalean mar- gotzea bada espresatzeko modu bat, elkarrizketa bat sortzekoa jendearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak