Probak egiten dabiltza Antzuolako autokarabana-gunean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 10a, 10:30

Lapatzako autokarabana-gunea; hesi batekin itxi dute. Atzean, gas depositua.

Lapatza alboan eraiki dute eta zenbat autokarabana sartzen diren aztertzen dabiltza, araudia egitearekin batera. Halere, proiektua behin-behinekoa da; bidegorriko lanak amaitzean, alboan den gas depositua kendu eta gunea handitzea da asmoa.

Hainbat dira herrian aparkatuta egoten diren autokarabanak, baina, batik bat aparkalekuetan sortu ditzaketen oztopoak-eta direla medio, autokarabanentzako aparkalekua egin dute Lapatza baserriaren pean, GI-632 errepidearen bazterrean.

Lanak egin aurretik, ordea, herriko hainbat gune aritu dira aztertzen, baina horren aldeko hautua egin dute, Beñardo Kortabarria alkateak adierazi duenez. "Udalarena da lurra, oinez joateko ere aproposa da hilerri alboan dagoen bidetik, pixka bat txukundu beharko den arren; horrez gain, sartu-irtenak egiteko ere egokia da".

Gaur-gaurkoz, hesiz inguratuta dago gunea, eta probak egiten dabiltza bertan; besteak beste, zenbat autokarabana sartzen diren jakiteko. Alkatearen arabera, zazpi-zortzi ibilgailurentzako lekua dago, eta erabiltzaileek jarraitu beharreko araudia osatzen ere badabiltza. Hala, lurralde batzordean aurkeztuko dute lehenbizi, eta, ostean, osoko bilkurara eramango dute proposamena; printzipioz, otsailaren 28kora. Dena den, asmoa da gunea erabili nahi dutenen artean zozketa egitea, hasiera batean, behintzat, denentzako lekurik egongo ez dela ondorioztatuta, eta euretako bakoitzari giltza bana ematea.

Behin-behinekoa da

Izan ere, proiektua behin-behinekoa da; baliteke handitzea eremua. Gasaren depositua hor baitago, baina Antzuola eta Bergara arteko bidegorriko lanak amaitzean, ez da horren beharrik izango eta kendu egingo da. "Gas naturalaren kanalizazioa egingo da orduan; beraz, depositua kenduta aurreikusten dugu ingurune osoa moldatzea autokarabanentzat".

Kortabarriaren hitzetan, bidegorriko lanei dagokienez, Galartza barrenetik Bergarara arteko zatia egitea falta da oraindik, eta espero da lanak 2023an egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak