Ipintza institutuaren 50 urteak, erakusketa baten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 20a, 10:15
Bergarako Aroztegi aretoan inauguratu zuten erakusketa, irailean. IMANOL SORIANO.

Bergarako institutu publikoak mende erdi bete du eta askotariko ekintzak egiten dabiltza ikasturte honetan. Erakusketa bat ondu dute urteotako argazkiekin eta Olarango erakusketa aretoan ikusi ahalko da asteburu honetan eta datorrenean.

1972ko irailean hasi zuen ibilbidea Bergarako Ipintza institutuak, izaera publikoarekin, eta mende erdia igaro da ordu geroztik. 50 urtez lanean, denok batera aurrera bidean lelopean, ospakizun ikasturtea du, eta hainbat ekintza egiten ari dira joan den urtea ezkero. Besteak beste, erakusketa bat inauguratu zuten 2022ko irailaren amaieran Bergarako aroztegi aretoan, eta orain, Antzuolara ekarriko dute. Olarango erakusketa aretoan izango da ikusgai asteburu honetan eta datorrenean, hilaren 28an eta 29an, 18:30etik 20:30era bitartean.

Bego Mujika eta Agurtzane Arriola institutuko irakasle ohiak aritu dira erakusketa antolatzen eta azaldu dute informazio-panelek ez ezik argazkiek ere osatzen dutela lan hori. Horiek dute garrantzia.

Hain justu, Angiozarko abade Imanol Irigaraik utzitako argazki-bilduma dago erakusketaren oinarrian, baina, horrez gain, adierazi dute badirela Ipintzatik igarotako ikasleen, irakasleen eta gainontzeko langileen eskutik jasotako irudi batzuk ere. Are gehiago, Bergarako Udal Artxibategian ere izan dira eta Arantzazu Oregi arduradunaren laguntza izan dute, beste hainbat argazki eskuratu baitituzte elkarlan horri esker. Izan ere, hutsuneak zeuden hainbat urtetan.

Antzuolarrak ere Ipintzan

Emandako datuen arabera, 50 urteotan 450 ikasleren bueltan ibili da batez besteko kopurua Ipintza institutuan. 1974-1975eko ikasturtea izan zen ikasle gutxien jaso zuena eta 1998-1999koa gehien. Gutxiago edo gehiago izan, ordea, tarte horretan hainbat antzuolar izan dira bertako ikasle eta egun ere badira. Beraz, erakusketara joaten denak izango du, beharbada, norbere burua argazkietan identifikatzeko aukera, bertatik igarotakoen zenbait argazki baitaude bilduta bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak