18:30ean entzun dira abisurako lehen suziriak, eta argi-zuzi batzuen su izpiek argiztatu dute mendi ingurua. Banaka azaldu dira, ipurtargiak sasi-artean lez, eta beheranzko bidea hartu dute. Adar soinua ere ez da falta izan, eta ezta ume zein ez hain umeen emozio oihuak.
Belardiak eta basoak atzean utzi, eta kaleko lurra zapaldu orduko hasi dute kalejira herriko kaleetan zehar, oinez, txistularien laguntzarekin. Herriko plazara iritsi, eta bertan hartu du hitza Mari Domingik. Bertsotan eta kantuan egin ostean, gutunak eman dizkiete herritarrek, hasieratik alboan izan dituzten iratxoekin batera, eta eskerrak emanez amaitu dute ekitaldia ke artean.
Ziztu bizian desagertu dira Olentzero eta Mari Domingi ke-laino artean, baina ez, ordea, bertan zeudenen ilusioa.