Aizkorberen 'Jaizkibel', Aldundiaren egutegian

Maider Arregi 2022ko aza. 25a, 16:02

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko egutegiko hilabeteak osatzeko argazki aukeratuen berri eman du. Hala, Iker Aizkorberen Jaizkibel erretratuak ekaina irudikatuko duela iragarri du. Argazkilariak esan du "ilusioz" hartu duela albistea.

Hiru egunean hiru sari eskuratu ditu Antzuolan bizi den Iker Aizkorbe argazkilari aretxabaletarrak. Azkena astelehenean bertan jakin zuen: Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023ko egutegian ekaineko hilabetea, zehazki, haren argazki batek irudikatuko duela. "Jaizkibelgo koloreen haranean ateratako argazkia da. Kolore gorrixka, horixka eta urdina hartzen du haranak. Lehiaketak argazki koloretsua eskatzen zuen, eta horregatik argazki hori aurkeztea erabaki nuen. Lekua izugarria da, bertara heldu eta harrigarria da; margotuta dagoela dirudi".

Argazkia orain dela lau urte ateratakoa da eta ordubeteko ibilbide gogorraren ostean lortutako erretratua dela aitortu du argazkilariak. "Komeni zen egun lainotsu batean ateratzea argazki hori. Izan ere, eguzkiak koloreen kontrastean eragina dauka. Goizean abiatu nintzen Jaizkibelgo porturaino, eta, ondoren, 400-500 metroko desnibela jaitsi nuen. Egun osoko plana izan zen, eta argazkilaritzaz eta lekuaz asko gozatu nuen". Epaimahaiak baloratu du Aizkorbek Jaizkibeli eskainitako bestelako ikuspegia jaso izana.

Beste bi sari

Aldundiaren sariaz gain, asteburuan beste bi sariren berri ere izan du Aizkorbek: zapatuan, Nafarroa ezagutu lehiaketako sari nagusia eskuratu zuen (Ikus beheko argazkia). Domekan, berriz, Portugalgo Manteigas herriko Imaginature lehiaketakoa. Azken horretan, Jaizkibelen ateratako bost argazkiz osatutako serieak jaso du aipamena. "Kategoria artistikoan bigarren saria eskuratu dut eta oso pozik nago".

Erakusketa

Lan horiek guztiak abenduan zehar Aretxabaletako Arkupe kultura etxeko erakusketa aretoan izango dira ikusgai: "Hogei bat argazki jarriko ditut aretoan ikusgai".

 

2023ko Nafarroako egutegiaren azala

Nafarroa ezagutu argazki lehiaketako sari nagusia eskuratu du Aizkorbek, eta Nafarroako 2023ko egutegiaren azala izango da Bardean ateratako High voltage izeneko erretratu ikusgarria. "Paisaia naturalen atalean eskuratu dut saria. Espero ez genuen ekaitza iritsi zen, eta beldurra ere pasa nuen. Ausardia ere baloratu du epaimahaiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak